Politika sozioenpresarialean zehaztu du 2017-2020 bitarteko bide orria Mondragonek

Jokin Guridi 2017ko uzt. 5a, 18:06

Atzetik datozenei proiektu lehiakor eta solidarioagoa izango duen kooperatiba bat uzteko” hurrengo laurtekoaren kudeaketa plana aurkeztu du Iñigo Ucin lehendakariak Mondragon Korporazioak Donostian egin duen Kongresuan. Korporazioa aurrera doa Etorkizuneko Mondragon ponentzian ezarritako politiketan eta kooperatibak zoriondu ditu Ucinek Korporazioaren 2016 bilakaera onagatik.

Mondragon Korporazioak 2017ko Kongresua egin du Donostian gaur. Bertan 650 konpromisario bildu dira talde kooperatiboan integratuta dauden kooperatiba guztiak ordezkatzeko. 2016 ekitaldiko emaitzak aurkezteaz gain, aurreko Kongresuan aurkeztu zen Etorkizuneko Mondragon ponentzia errepasatu zuten. Gainera, organo korporatiboek egindako gestioa aurkeztu da, bai Batzorde Iraunkorraren aldetik baita Kontseilu Orokorraren aldetik ere.

2016 ekitaldiaren balorazioa egin da bertan eta oro har, bilakaera positiboa izan du bere aldagai enpresarialen multzoan. Salmentei dagokienez, 11.399 milioi euro izan dira, hau da, aurreko urtean lortutakoak baino zertxobait hobeak, %0,3 igo baitira. Nazioarteko salmentak, industri arloari lotuta, salmenta guztien %70 izan dira. Enpleguaren esparruan, berriz, talde osoa kontuan hartuta, pixka bat uzkurtu da, %0,9, eta lanpostuak 73.635 izan dira. Horri dagokionez, banaketa arloko enpleguaren murrizketa nabarmendu daiteke, hipermerkatuen sarean egindako desinbertsioengatik. Beste atal aipagarri bat inbertsioena izan da, 457 milioi eurora iritsi baita, aurreko urtean egindakoak baino %44 gehiago. Zerga aurretiko irabazia, aldiz, 1.031 milioi eurora iritsi da.

Etorkizuneko Mondragon izan da Kontseilu Orokorraren kudeaketa deskargua egin duen Iñigo Ucin lehendakariak aipatu duen gaietariko bat eta hiru arreta gune nagusitan banatzen da. Balioen Bizipena lantzeko, “balioak bultzatzeko, batez ere autoexijentzia eta koerantzukizuna”, lantaldea eratu da eta plan bat jarri da martxan, “gure enpresak kokatuta dauden inguruneen eraldaketa sozialari lotutako jarduerak koordinatzeko”. Antolamendu Egiturari dagokionez, adierazi zuen aurreko urtean eredu malgu baterantz migratzeko helburua landu dela, eta Elkarren arteko Lankidetzako Finantza Fondoak eta Tresnei dagokienez aldiz, joera negozioen errentagarritasunaren eta iraunkortasunaren inguruan ardatzen den eredu baterantz jotzea dela.

Horrez gain, datorren laurtekoaren kudeaketaren inguruan, Korporazioak 2017-2020 Politika Sozioenpresarialean zehaztu du bere bide orria, negozioak lehiakortasun iraunkorretik abiatuta garatzeko helburuarekin. Izan ere, hori lortzeko bost estrategia definitu dira: konpromisoa eta nortasun kooperatiboa, finantzaketa, berrikuntza eta enpresa sustapena, lankidetza eta presentzia globala. Ucinek nabarmendu zuenez, “beharrezkoa da proiektu partekatu batekin konprometituta dauden pertsonak edukitzea, garai berrietara egokitzeko gaitasunarekin, atzetik datozenei proiektu lehiakor eta solidarioagoa izango duen kooperatiba bat uzteko”.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak