Tokikom Sariek euskarazko publizitatea ere sarituko dute aurten

Jokin Guridi 2017ko uzt. 5a, 13:41
Lehen edizioko sarituak: Hiruka, Noaua eta Goienako ordezkariak.

Irailaren 22a arte zabalik egongo da lanak aurkezteko epea eta euskarazko toki komunikabideetan argitaratutako lanak aurkezteaz gain, euskarazko publizitate kanpaina onena ere sarituko da.

Bigarren edizioa izango dute aurten Tokikom Sariek, euskarazko komunikazioaren balioa aldarrikatu eta gizarteratzeko asmoz Tokikom Toki Komunikabideen Bateraguneak banatzen dituen sariek. Sari banaketa urriaren 27an izango da Usurbilen, aurreko urtean eduki onenaren saria irabazi zuen Noaua astekaria aitzakiatzat hartuta.

Aurtengo edizioko berrikuntza nagusia euskarazko publizitate kanpainarik onena ere sarituko dela da. Publizitate kanpainak bi baldintza bete beharko ditu saritua izan ahal izateko: alde batetik, euskara hutsezkoa izan beharko du eta beste alde batetik, euskarazko edozein hedabidetan argitaratua izan behar da 2016ko irailaren 1a eta 2017ko irailaren 1 artean. Sari honen helburua euskarazko publizitateari ikusgarritasuna ematea da, Tokikomeko arduradunek azaldu dutenez, publizitate sariak “euskarak berak zein euskarazko komunikabide sareak publizitate euskarri gisa duten balioa aldarrikatu nahi du, publizitatearen munduko eragileak gugana hurbildu eta elkar ezagutzeko aitzakia emateaz bat”.

Honetaz gain, aurreko urteko hiru sariak ere emango dira bigarren edizio honetan: portadarik onena, edukirik onena eta ikus-entzunekorik onena. Hedabide bakoitzak euskarri eta kategoria bakoitzeko hiru lan aurkeztu ditzake gehienez eta honetaz gain, irakurleek ere egin ditzakete proposamenak. Proposamen guztiak Tokikomeko webgunean egin beharko dira irailaren 22a baino lehenago edo sariak@tokikom.eus helbidera bidali beharko dira.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak