Hartzekodunen konkurtsoaren aurrekora jo du Edesa-Fagorrek, 100 milioi euroko zorrarekin

Jokin Bereziartua Lizarazu 2017ko uzt. 1a, 18:20
Fagor Etxetresnak, artxiboko argazki baten.

La Vanguardia egunkariak gaur, uztailak 1, aditzera eman duenez, CNAko zuzendaritzak –Edesa Industrial-Fagorren jabea– egubakoitz arratsaldean eskatu zuen hartzekodunen konkurtsoaren aurrekora jotzea, Donostiako merkataritza auzitegian. CNAk ez ditu aurreikuspenak bete eta 100 milioi euroko zorra pilatu du.

La Vanguardia-ren arabera, konkurtsoaren aurrekoak lau hilabeteko epea emango dio Edesa Industrial-Fagorri bere 100 milioi euroko zorra bankuekin berriro negoziatzeko. Ez da lehen aldia izango: duela ia urtebete, maileguak itzultzeko luzapen bat lortu zuen-eta Santander CaixaBank, Bankia, Sabadell eta Popular bankuekin. Luzapen hori amaitzear zegoela erabaki du konkurtsoaren aurrekora jotzea CNAko buru Jorge Parladek.

Edesa-Fagorrek 350 langile inguru ditu Euskadin gaur egun, eta horietatik erdia garai bateko Fagor Etxetresnetako kooperatibistak dira.

La Vanguardia egunkariak argitaratu duenez, Parladek ez du oraingoz Edesa Industrial-Fagor ixteko asmorik, baina derrigorrezkoa du denbora gehiago maileguak itzultzeko, eta ekoizpen gastuak gutxitu behar ditu. "Bideragarritasun plan baten ari gara lanean, eta espero dugu bankuak konbentzituko ditugula zorra berriro finantzatzeko", esan diote CNAko gertuko iturriek Bartzelonako egunkariari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak