Eroskik "tokiko janariaren garrantzian" sakondu nahi du

Eroskik urteko Batzar Orokorra egin zuen atzo BEC-en. 250 langile bazkide eta 250 kontsumitzaile bazkide elkartu ziren Barakaldon. Bertan, aurreko ekitaldiko helburuen lorpena azaltzeaz gain, aurrera begirako erronkez ere hitz egin zen. Honetaz gain, 2016 urteko kontuak ere onartu dira bertan eta baita urte bereko Kudeaketa Txostena. "Tokiko janariaren garrantzian" sakontzea erabaki zuten batzarrean ordezkatutako bazkideek, besteak beste.

Atzo, ekainaren 21a, egin zen Eroski Taldearen Ohiko Batzar Nagusia 500 ordezkari bilduz Barakaldoko BECen, langile bazkide eta kontsumitzaile bazkide artean. Bertan, Agustin Markaide presidenteak iazko ekitaldian lortu ziren helburuak gogorarazi zituen, eta ziklo berri bateko lerro estrategikoak azaldu: "Beste etapa bat abiatuko dugu orain, eta Zurekin eredu komertziala eraldatzen segituko dugu, hari esker gaude-eta 2017an egon nahi genuen lekuan".

Urtea 512 dendarekin bukatu du Eroskik eta Zurekin eredua sare komertzial osora zabaltzeko asmoa du hurrengo urteetan. Eredu honek hiru ezaugarri nagusi ditu: kontsumitzailearen aukera askatasuna, tokiko janariaren garrantzia eta freskoen espezializazioa.

Zurekin ereduak baditu ere beste ezaugarri batzuk. Bezeroarekin duen harremana Eroski Klubaren bitartez indartzea da beste ardatzetariko bat, salmenten %80a suposatzen baitute bazkideek. Honetaz gain, iraunkorragoa den kontsumo mota baten alde egitea ere bada ardatzetariko bat eta horretarako ekoizpen ehun dibertsifikatua bultzatzen jarraituko du, batez ere, nekazaritzako elikagaien sektorean.

Bestalde, Eroskiren Kontseilu Errektoreko presidenteak, Leire Mugerzak, "Eroskin azken urteetan ipini ditugun oinarriak sendoak" direla eta hauek "datozen erronkei aurre egiteko eta gizarteari ekarpenak egiten jarraitzeko baliagarriak" direla gaineratu zuen. "Sendo jarraitzen dugu gizarte bidezko, kohesionatu eta iraunkor baten alde eta osasun eta ongizate mailak hobeak izan daitezen".

Azkenik, 2016 urteko banakako kontuak eta kontu kontsolidatuak onartu zituzten Batzar Nagusian, baita ekitaldiaren Kudeaketa Txostena ere. 2016ko etekinei esker, kooperatibak langile bazkideen Erreserba Negatibo Indibidualizatuak konpentsatzen hasteko modua izango du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.