Marian Mellado: "Hiruko txapelketaren atzean lan handia dago"

Marian Melladok (Bergara, 1967) hamar urte daramatza BKEko saskibaloi saileko presidente moduan, eta klubetik antolatzen duten Hiruko Txapelketak ere hamargarren urteurrena beteko du. Eguraldi iragarpenei begira dagoela aitortu du: "Txarra egiten duenean pena da, Labegaraietan jokatzen ditugulako partiduak, baina ez duelako xarma bera. Torneo hau kalean jokatzeko pentsatuta dago".

Zelan dator aurtengo txapelketa? 

Itxura polita du, nahiz eta egia den talde askok azken ordura arte itxaroten dutela izena emateko, eta horiei ere telefonoa hartzen diegu. Iaz egia da beste edizio batzuetan baino talde gutxiago izan genituela, 70 inguru, baina asteburu horretan beste ekitaldi mordoa egon ziren inguruan, eta horrek eragina izaten du. Aurten, seguruenik, igarri egingo dugu Arrasaten San Juan jaiak ospatuko dituztela.

Nongoak dira Bergarako txapelketa jokatzera etortzen diren taldeak? 

Herriko taldeekin batera ingurutik ere talde asko etortzen dira, baina baita Donostiatik edo Gasteiztik ere. Hamar urte hauetan txapelketa ezagun egin da, eta jendea gustora ibiltzen da. Gainera, polita izaten da beste kirol jarduera batzuetatik datozen gazteak bertan ikustea, edota saskibaloi federatua baztertuta daukatenak ostera ere jokatzen ikustea.  

Lan handia egongo da halako baten atzean.... 

Bai, lan galanta dago. Zuzendaritza taldeko seirok ibiltzen gara jo eta sua, baina horrekin batera ezinbestekoa da gurasoen laguntza, haiek gabe ezinezkoa izango litzateke halako bat antolatzea. San Martin plazan saskiak jarri, dena markatu, hesiak jarri, txosna muntatu, txikienendako puzgarriak, txapelketaren jarraipena egin... Lan handia dago atzean.

Halakoak lagungarri izaten dira saskibaloiaren familia batzeko. 

Bai, gure artean gehiago batzeko balio du. Lan egiten dugu, baina guk ere ondo pasatzen dugu. Izugarri gozatzen dugu gazteak herriko plazan saskibaloian jokatzen ikusita, eta zapatu arratsaldean, edo domeka goizean, esaterako, giro aparta egoten da. Egia da eguraldi txarra tarteko Labegaraietara joan behar izanez gero ez dela gauza bera, txapelketa desitxuratu egiten da apur bat, ikusle gutxiago joaten direlako hara, txosna ezin izaten dugulako muntatu... Baina, guk ezin dugu aukeratu ze eguraldi egingo duen.

Noiz erabakitzen duzue txapelketa San Martinen egingo den, ala Labegaraietan? 

Zapatuan goizean goiz batzen gara, eta orduan erabakitzen dugu zer egin, eguraldi iragarpenen arabera. Noski, bezperan eguraldi oso txarra egingo duela esan badute zuzenean joaten gara Labegaraietara, baina ahalegintzen gara azken ordura arte itxaroten, izan ere, halako torneo bat kalean jokatzeko pentsatuta dago, hor dago xarma –Zapatuan 10:00etan hasiko dira infantil, kadete eta juniorrak, eta 16:00etan senior mailakoak. Domekan, aldiz, alebinak eta benjaminak (10:00) izango dira protagonista–. 

Zeintzuk dira aurtengo nobedadeak? 

Batetik, senior mailako kategoria hiru multzotan banatu dugu aurten: Eliteak, koadrilak eta beteranoak, eta txapelketa ostean ikusiko dugu berritasun horrek ze emaitza eman duen. Bestetik, domekan (11:00) kirol egokituko erakustaldia egingo dute Bera Bera saskibaloi taldeko jokalariek. Gazteek ere ikus dezatela zailtasun fisikoak izanda ere posible dela kirolaz gozatzea. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.