Bainu denboraldi hasiera jendetsua ari da izaten, beroagatik

Amaia Txintxurreta Guridi 2017ko eka. 21a, 12:34

Bergarako kanpoko igerilekuetan dagoeneko azken hiru egunetan bete da aforoa eta Udaletik adierazi dute hainbat neurri hartuko dituztela epe motzera. Esaterako, sorosle bat gehiago jarriko dute eta aforoa betetzen denean kanpoko jolas igeritokia hogei minututik hogei minutura hustuko da erabiltzaile berriak sar daitezen.

Bainu denboraldi hasiera jendetsua izan da aurtengoa, egunotako beroengandik freskatu nahian, asko izan direlako herriko igerilekuetara bainua hartzera joan direnak.

Bergarako igerilekuak

Bergarako igerilekuetan, esaterako, jendetza dabil egunotan, eta ume eta gaztetxoak pozik dabiltza. Hala ere, nagusiagoen artean, haserre edota egonezina suma daiteke, uretara sartzeko jende ilarak sortzen direlako.
 
Udaletik barkamena eskatu diete erabiltzaileei bizitzen ari diren egoerarengatik eta adierazi dute orain arte urtean zortzi edo hamar egunetan betetzen zela aforoa, baina aurten dagoeneko azken hiru egunetan bete dela. Egoera hobetzeko, epe motzera hiru neurri ere hartuko dituztela iragarri dute. Sorosle bat gehiago jarriko dute; aforoa betetzen denean kanpoko jolas igeritokia hogei minututik hogei minutura hustuko da erabiltzaile berriak sartu ahal izateko; eta aforoa gaindituko dela aurreikusten dutenean, ez dira sarrerarik salduko, eta abonatuek soilik izango dute sarrera eskubidea. Epe ertainera begira, berriz, ur-jolasen instalazioa baloratuko da.

Bestalde, eta iazko arrakastari eutsiz, zapatuan, hilaren 24an Agorrosin Kirol Guneko kanpoko zein barruko igerilekuak zabalik egongo dira gaueko 23:30ak arte. Agorrosin Gaua izena jarri diote aurten, eta hainbat ekintza izango dira: uretako puzgarriak, baloi erraldoiak, ur jolasak eta musika, esaterako.

Arrasateko igerilekuak 

Arrasateri dagokionez, zabalik daude kanpoko igerilekuak, baina San Juan jaiak direla eta, hainbat aldaketa egongo dira ondorengo egunetan. Egubakoitzean arratsaldeko 19:00tan itxiko ditu ateak kiroldegiak; zapatuan, San Juan egunez, itxita egongo da; eta domekatik aurrera udako ordutegia egongo da martxan, hau da, goizeko 09:00tatik gaueko 21:00ak arte.
 
Gainera, ikusita kiroldegiko aparkalekua topera egoten dela, Arruena erabili ahal izango da aparkaleku bezala, uda garaiko igerilekuak zabalik dauden bitartean.

Oñatin, igerileku txikian aforo kontrolatua 

Oñatin igerilekuetako berdegunea zabalik dago, eta astelehenean eta martitzenean aforo kontrolatua izan zen igerileku txikian. Beraz, zenbait unetan uretatik norbait irten arte, ezin izan ziren sartu zain zeudenak.

Aretxabaletakoa eta Eskoriatzakoa 

Aretxabaletako solariuma, berriz, zapatu honetan zabalduko dute. Eta Eskoriatzako berdegunea zabalik dagoen arren, kanpoko igerilekua uztailaren 3tik aurrera egongo da erabilgarri.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak