Lau debagoiendar, EH Bilduko idazkaritzetarako hautagai

Rodriguez, Ugarte, Otamendi eta Zubia.

Maider Otamendi, Larraitz Ugarte, Ander Rodriguez eta Nerea Zubia dira aurkeztutako ordezkariak. Bihar, zapatua, da EH Bilduren prozesu eratzailea, Bilboko Euskalduna jauregian.

Etxebizitza eta Oinarrizko Eskubideak izeneko idazkaritzarako hautagaia da Maider Otamendi, (Eskoriatza, 1976). Ingeniaria da hura eta gaur egun, EH Bilduko legebiltzarkidea.

Larraitz Ugarte abokatua (Oñati, 1976), berriz, Estatu Eraikuntzarako idazkaritzarako hautagaia da. EH Bilduko legebiltzarkidea, Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramailea izandakoa ere bada.

Haiekin batera, hautagai da, baita ere, Ander Rodriguez Lejarza arrasatearra (1982). Kasu horretan, Politika Sozialak idazkaritzarako. Rodriguez, besteak beste, Gipuzkoako Politika Sozialeko diputatu eta Arrasateko zinegotzi izandakoa da.

Eta azkenik, gaur egun Oñatiko zinegotzia den Nerea Zubia Blazquez (1983) da Parte-hartzea eta Gobernantza idazkaritzarako hautagaia.  Psikopedagogian lizentziaduna da hura.

Lehen kongresua

Gainontzeko idazkaritzetarako, Mahai Politikorako eta herrialdeetako arduradun politiko karguetarako hautagaiekin batera aurkeztuko dituzte lau debagoiendarrak bihar, zapatua, EH Bilduren prozesu eratzailearen baitan barne-kargu izan daitezen. Besteak beste, guztien gidari izateko Arnaldo Otegi aurkeztu dute, koordinatzaile nagusi.

Bilboko Euskalduna jauregian egingo du EH Bilduk lehenengo kongresua, eta bertan, barne karguak aukeratzeaz gainera, Eztabaidarako Dokumentua eta Estatutuak bozkatuko dituzte, besteak beste.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.