Zaragozak fitxatu du Oihana Aldai: "Aukera aprobetxatzea erabaki dut"

Oihana Aldai, Oiartzuneko elastikoarekin.

Azkeneko urteak Oiartzungo atea defendatzen egon ostean Zaragozan jokatuko du Oihana Aldaik (Aretxabaleta, 25 urte). Fitxaketari esker Aldaik lehenengo mailan jarraitzeko aukera izango du, hain zuzen, Oiartzunek Zaragozaren kontra galdu zuen-eta kategoria, ligako azken jardunaldian (0-2). 

Oiartzunekin maila galdu eta gero bigarren mailan jokatzeko asmoa zuen Aretxabaletakoak, Zaragozako deia jaso ostean: "Taldekideek asteotan behin eta berriro esan izan didate ea ez dudan deirik jaso, eta nik ezetz, dena azken momentuan gertatu delako". Hala, Zaragozak emakumezkoen futbolaren gorenean jarraitzeko aukera eman dio: "Urtebeteko eskaintza izan dut, eta horrek animatu nau, ez nauelako denbora askorako lotzen eta etxetik kanpora izango den lehenengo esperientzia delako. Hala, kluba eta biok gustora baldin bagaude egongo da jarraitzeko aukera".

Talde serioa, irabazteko zaila

Zaragoza ez da aurrealdeko postuetan ibili aurten: "Baina talde serioa da, borrokalariak. Lan ondo egiten dute eta gaitza da euren kontra irabaztea. Dakidanez hainbat jokalarik taldea utzi egin dute liga amaituta, eta hutsune horiek betetzen dabiltza. Suposatzen dut uztail amaieran hasiko dugula aurre-denboraldia eta orduan joan beharko dudala haruntz, baina oraindik ez dugu horretaz berba egin", adierazi du Aldaik.

Hala, Arizmendin, Mondran, Eibarren, Añorgan eta Oiartzunen atezain moduan jokatu duen jokalariak Aragoi aldera doan trena hartzea erabaki du: "Bigarren mailan ere jarrai nezakeen, baina lehenengo mailan jokatzea erakusleiho ona da, eta halako aukerak ez dira egunero izaten. Kirol erronka berriari heltzeko gogotsu nago".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.