Urtebeteko hutsunearen ostean, korrikalari azkarrenak Oñatiko Herri Lasterketan

Hemeretzi korrikalari lehiatuko dira nor baino nor gehiago, 10.000 metroko zirkuitu homologatu baten. Bailarako ordezkariak Xabier Luis oñatiarra eta Endika Donnay arrasatearra dira. Lasterketa zapatuan izango da, 19:00etan.

Aurrekontu faltarengatik eta Antxintxiketan taldeak zuen lan kargaren ondorioz, iaz ez zen Herri Lasterketarik egin Corpus bezperan. Aurten, bai. "Berriro ere gogotsu ekin diogu, eta, Udalak eta, bereziki, herriko dendek eta enpresek emandako laguntzari esker, maila handiko lasterketa osatu dugu", esan du antolatzaile taldeko Asier Osinagak.

Ibilbidean ez dago aldaketarik. 10.000 metroko zirkuitu homologatua izango da. Irteera puntuan postetxe aurrealdean egongo da. Handik Foruen plazara hartuko dute korrikalariek. Helmugarik lehen aldiz pasa ostean, beste zazpi itzuli egin  beharko dituzte.

"Punta-puntako" atletak

Gonbidapen bidez datoz korrikalariak Oñatira. "Euren jarrera eta prestutasuna azpimarratu gura nituzke. Hasieratik gertu agertu dira Oñatira etortzeko. Ekainaren 17a euren agendatan kokatzen saiatu dira, eta, askok lortu dute", esan dute antolakuntzakoek. Bereziki azpimarratu dute Iraitz Arrospideren kasua. "2017ko Londresko maratoian 2.20.56ko denbora egin zuen eta Donostiako maratoi erdia irabazi zuen. Gainera, Sheffield-en (Erresuma Batua) bizi da, eta esfortzu handia egin du Oñatin egoteko. Guk, asko baloratzen dugu bere ahalegina".

Bailarakoak, bi

2015eko irabazle Aingeru Gutierrezek ezingo du garaipena berretsi. Ez da Oñatin egongo. Huts egingo dute, era berean, azken urteetan Oñatik izan dituen bi ordezkariak: Yeray Varela eta Sergio Gartzia. "Hutsune hori betetzeko Xabier Luis oñatiarra gonbidatu dugu. Duatloietan eta triatloietan lehiatzen da bereziki, baina, gure erronka onartu zuen, eta, badakigu, buru-belarri diharduela entrenatzen".

Bailarako beste ordezkaria, Endika Donnay arrasatearra izango da.

Parte-hartzaileak

  1. Ander Sagartzazu (Donostia)
  2. Imanol Cruz (Donostia)
  3. Iban Rodriguez (Gasteiz)
  4. Aitor Mimentza (Elorrio)
  5. Oier  Ariznabarreta (Elorrio)
  6. Gontzal Bilbao (Bilbo)
  7. Unai Arroyo (Bilbo)
  8. Iraitz Arrospide (Billabona)
  9. Gustavo Sanchez (Gasteiz)
  10. Alberto Alba (Gasteiz)
  11. Alberto Arberas (Elgoibar)
  12. Xabier Lukin (Errenteria)
  13. Martin Amilibia (Zumaia)
  14. Iñigo Olano (Zornotza)
  15. Xabier Martinez (Ezpeleta)
  16. Petriarc Lionel (Baiona)
  17. Endika Donnay (Arrasate)
  18. Xabier Luis (Oñati)
  19. Ekaitz Kortazar (Durango)

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.