Debagoienetik ere joan dira galdera ikur erraldoia irudikatzera Bilbora

Bilboko kalean Arrasatetik joandako lagun taldea.

Gure Esku Dagok deitutako mobilizazioan milaka herritarrek hartu dutela parte jakinarazi dute antolatzaileek, baita Debagoienetik joandakoek ere. Guztien artean mosaiko erraldoia osatu dute Bilboko kaleetan eta Herritarron Itunaren oinarriak aurkeztu dituzte.

Bilboko Eliptika eta Euskadi plazen arteko ibilbidea jendez bete da eta galdera ikur itxurako mosaiko erraldoia osatu dute. Hautetsontzi erraldoia 17:30etan abiatu da galdera ikurraren puntutik beste puntaraino, eta ordu erdi inguruan iritsi da Euskadi Plazara; orduantxe ekin diote ekitaldiari.

Herritarron Ituna "tresna eraginkorra"

Jordi Cuixart Kataluniako Omnium Culturaleko presidenteak babesa eta elkartasuna adierazi die euskal herritarrei lehenengo, eta ondoren, GEDren bozeramaile Angel Oiarbidek eta Zelai Nikolasek gogorarazi dute GED zein helbururekin sortu zen: "Euskal Herrian herritarrok gure etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzea". Horretarako "adostasun zabalak" lortu beharko direla onartu dute eta Herritarron Ituna "tresna eraginkortzat" aurkeztu. Hala, bi konpromiso jendarteratu dituzte:

"1. Gure esku hartzen dugu erabakitze prozesuak behar dituen baldintzak sortzeko eta garatzeko ardura eta, eragileekin eta erakundeekin batera, parte hartu eta ekarpenak egiteko konpromisoa, gure etorkizuna libre eta demokratikoki erabaki arte.

2. Gure etorkizun politikoari buruzko eztabaida publiko, plural eta gardena beharrezkotzat jotzen dugu, eta, ondorioz, gizartearen parte hartzea sustatu eta prozesuan parte hartzeko konpromisoa hartzen dugu. Erabakitzeko eskubidea egikaritzeko, tresna eraginkorrak antolatu eta herritarron esku jarri behar dira, azken batean, herritarrok gure estatus politikoari buruz zuzenean erabaki nahi dugulako, ezein aukerari uko egin gabe".

Ondoren, Herritarron Itunaren izpiritua jasotzen duen Lorea Agirreren poesia irakurri dute eta elkartutako guztien artean GED kantua abestuta bukatutzat eman dute ekitaldia.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.