Ainhoa Lauzirika: "Hezten duenak adimen emozionala behar du"

Larraitz Zeberio Lekuona 2017ko eka. 8a, 09:00

Elgetako guraso talde bat Ainhoa Lauzirikaren azalpenak entzuten, eguaztenean.

Bideberri Mankomunitateak antolatuta gurasoendako formazioa saioa egin zuten martitzenean eskolan. Adimen emozionala zer den eta nola landu daitekeen azaldu zien bertaratutakoei Ainhoa Lauzirika pedagogoak. Horrekin batera etxean bizi izandako hainbat esperientzia partekatu zituzten gurasoek.

"Hezten duenak adimen emozionala behar du", esan zien Sasoia enpresako pedagogo Ainhoa Lauzirikak Elgetako Herri Eskolan egindako saiora gerturatutako dozena bat gurasori, guztiak emakumezkoak. Garrantzitsua da adimen emozionala zer den ulertzea: "Adimen emozionala lantzen dugu gure emozioek adierazten digutena ulertzen eta prozesatzen dugunean. Eta gaitasun hori entrena daiteke", esan zuen Lauzirikak.

Oso modan dagoen kontzeptua da adimen emozionala, eta aditu guztien arabera oso baliagarria da bereziki umeen heziketan. Inguruan ditugunekin harreman osasuntsuagoak izateko baliagarria izango zaigun gaitasuna da baita familian ematen diren egoera korapilatsuenak kudeatzeko ere. Haserrea eta amorrua kontrolatzeko ere lagungarri izango zaigu.

Adimen anitza dugu

Lauzirikak azaldu zuen gure adimena anitza dela. Nabarmendu zituen adimen naturalista, interpertsonala, intrapertsonala, logiko-matematikoa, espaziala, gorputz adimena, musika adimena eta adimen linguistikoa. Hezkuntzan horietako batzuk lantzen dira, baina ez guztiak eta ez neurri berean. Eta pertsona bakoitzak bere ezaugarriak ditu eta gehiago garatzen ditu gaitasun batzuk beste batzuk baino. Horregatik azpimarratu zuen gurasoek ez dituztela beraien frustrazioak edo espektatibak seme-alabengan proiektatu behar.

"Lehenengo nork bere mundu emozionala antolatu behar du", esan zien Lauzirikak Elgetako gurasoei. "Eta horretan oso garrantzitsua da nork bere burua zaintzea. Gure bizitzak lau zutabe nagusi ditu eta laurak zaindu behar ditugu. Lehenengo gure burua, eta ondoren gure familia, gure ardurak (edo lana) eta gure bizitza soziala. Oreka emozionala lortuko dugu lau zutabe horiek lantzen baditugu".

Hiztegi emozionala lantzeko tresnak eman zizkien adituak gurasoei eta kontzientzia emozionala zein autonomia emozionala lantzeko baliabideak eskaini zizkien. "Gurasoak lantzen baditu bakarrik landuko ditu seme-alabak", esan zuen.

Esperientziak partekatzen

Saioak balio izan zuen baita ere parte-hartzaileek egunerokoan bizi dituzten hainbat esperientzia partekatzeko. Antzekotasun handiak daude familia guztietan.

Umeek dituzten kasketekin lotuta Lauzirikak esan zuen normalak direla: "Oso garrantzitsuak dira azken finean ezetz esateko modu bat delako. Batere kasketarik ez duen umearekin kontuz!".

Zaila bada ere antzerako egoeretan lasaitasuna mantentzeko aholkatu zien gurasoei eta zenbait teknika eman zizkien horretarako: "Askotan lasaitasunak ekartzen du soluzioa".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak