Zapatuan "harremanak estutzeko hitzordua" izan zuten Mintzalagunek

Mintzalagunak Derion egindako bisita gidatuan. (Argazkia: Mintzalagunak)

Euskal Herriko mintzalagun, mintzakide, berbalagunen topagune bilakatu zen zapatuan Derio, hamabigarren Mintza Egunean. Ekitaldi mordoa antolatu zituzten Mintzalagunek: hamaiketakoa, triki-dantza poteoa, bisita gidatua, kalejira, bazkaria… Lagunartean euskaraz hitz egiteko aitzakian antolatutako ekintzetan "bikain" aritu ziren parte-hartzaileak.

Mintzalagunek bidalitako kronika

"Harremanak estutzeko hitzordua izatea nahi genuen. Mintzalagunen eguna, urtean zehar egiten duten lana eta etorriko diren lorpenak elkarrekin ospatzeko.  180 elkartu ziren bazkaltzeko; goizean eta bazkal ostean herriko lagun asko batu zitzaizkien Euskal Herriko hamaika txokotatik Deriora etorritakoei:  Iruñea, Elizondo, Bera, Doneztebe, Hondarribia, Donostia, Elgoibar, Gasteiz, Soraluze, Eibar, Getxo, Algorta, Zamudio, Leioa, Barakaldo, Bilbo eta Lezama, besteak beste.

Giro bikaina izan zen egun osoan. Eta eguraldia ere alde izan zuten Mintzalagunek; goizeko bisita gidatua eta dantza-kantu-triki poteoak iraun bitartean bai behintzat! Derioko hilerriak harrituta utzi zuen bat baino gehiago, oso bitxia, oso interesgarria dela kontatu digu txori batek. Eta ezagutzeak merezi duela.

Ordu biak inguru hasi ei zen euria Derion. Baina ordurako Mintzalagunak Baserri Antzokira bidean ziren eta hantxe, estalpean, poteoa amaituta, bazkarirako prest ziren.  Ikusgarria izan omen zen: Baserri Antzokia leporaino beteta, egitasmo ezberdinetako lagunak nahastuta, elkarrekin berriketan, harreman berriak sortzen. Biba zuek! Eta, kontatu digutenez, bazkaria txapela kentzeko modukoa izan zen; marmitakoa, ziza eta barazkidun pasta eta gazta tartaz maiteminduta gelditu ziren asko.

Digestioa egin orduko, Taberna ibiltaria giroa berotzen hasia zen eta sariak banatu zirenerako ez zen giro! Txorierriko berbalagunei, Solaslagunei eta Eibarko mintzalagunei eman zizkieten aurtengo sariak;  bertako produktuekin osotutako otzarak (berbalagun batzuek ekoizten dituzten barraskiloak, artisau garagardoa…). Bereziki hunkigarria izan zen Solaslagunek Oiankori egindako agurra. Sorpresa handiz jaso zituen beretzat sekretuan ekarritako lore sorta eta otzara;  han ziren Mintzalagun guztiek, Taberna Ibiltariarekin batera, zorionak zuri abesten zioten bitartean eman zioten bitartean. Eta ezin eutsi malkoei. Oiankok urte asko eman baititu Solaslagunei hauspoa ematen…

Zirraragarria izan zen sari banaketena, gero pare bat zozketa ere egin ziren eta, ostean, talde asko animatu ziren Taberna ibiltariarekin batera kantatzera: Txorierriko berbalagunak, Solaslagunak, Eibarreko mintzalagunak…

Eta konturatu orduko heldu zen elkar agurtzeko garaia. Zazpiak inguruan taldeko argazkiak, muxu eta besarkada uholde batek astindu zuen Derio. Kanpotik etorritako lagunak etxeratu ziren, baina ez pentsa jaia han bukatu zenik. Esan digutenez, jaiak berandu arte jarraitu zuen!"

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.