Bigarren saria Arizmendi Ikastolako abesbatzarentzat

Ane Vitoria 2017ko eka. 2a, 12:27

Lan gogorra egin ostean, abesbatzak bigarren saria lortu zuen nazio mailako III. Haur Abesbatzen Lehiaketan.

Arizmendiko abeslariak ez dira esku hutsi bueltatu etxera; izan ere, joan den asteburuan, Agrupacoros Madrid elkarteak antolatutako nazio mailako III. Haur Abesbatzen Lehiaketan bigarren saria lortu zuten. Getafeko Musika Kontserbatorioan antolatutako topaketan, hau abesbatza lehiatu ziren: Madrilgo Las Veredas, Sinan Kay abesbatza, Valentziako Gallarda eta Arizmendi Ikastolako abesbatza, hain zuzen ere.

Lehiaketaren garaileak Madrilgo las Veredasko kantariak izan ziren eta Arizmendi abesbatzak eta Sinan Kayk ex quo bigarren saria eskuratu zuten. Debagoiendarrak oso pozik bueltatu ziren Madrilgo txapelketan lortutako bigarren postu horrekin. 

Lan gogorraren emaitza

Haur Abesbatzen Lehiaketan, debagoiendarrek, derrigorrezko kantuaz eta kantu ezkutuaz gain, Tomas Garbizu euskal konpositorearen Pasayan Xexenak eta M. Huff-ek moldatutako J.Lennonen Imagine abestu zituzten. Eginiko lanagatik, gainera, Madrilera gerturatutako familiez gain, gainontzeko ikus-entzuleen txalo zaparrada beroa jaso zuten kantariek.

Hilabete batzuez eginiko lan gogorraren seinalea da hori; izan ere, Arizmendiko abesbatza otsailean sailkatu zen txapelketa honetan parte hartzeko, eta, geroztik, buru-belarri ibili da lanean. Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatzako 59 kantari Murgiondorekin batera entseguak egiten aritu dira; eskolaz kanpoko orduetan zein eskolako atsedenetan, hain zuzen ere.

Harremanak sendotzen

Gainera, Rakel Murgiondok zuzendutako abesbatzak Valentziakoen gonbita jaso zuen datorren ikasturtean bertako abesbatzarekin elkartrukea egiteko. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak