Ekonomia eta fiskalitatearen oinarriak ikasiko dituzte DBHko 4. mailatik aurrera

Jokin Guridi 2017ko mai. 30a, 13:07

Unitate didaktiko berria sartuko dute ikastetxeetan Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiek hurrengo ikasturtera begira eta Euskadiko ikastetxe guztiak atxiki ahal izango dira hezkuntza-modulura DBHko 4. mailatik aurrera.

Gaur egun Gipuzkoako 30 ikastetxetan irakasten da hezkuntza-modulu propioa eta hauxe erabiliko da oinarri bezala unitate didaktiko bateratua sortzeko. Modulu hau Gipuzkoako hezkuntza-elkarte nagusien eskutik (Ikastolen Elkartea, Kristau Eskola eta BIHE) sortu eta garatu zen eta hiru lurraldetara zabalduko da Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxetan.

Izan ere, kontzientziazio fiskal handiagoa bultzatzeko ekonomia eta fiskalitateari buruzko ezagutzak ikasleen artean hedatzea da helburu nagusiena. Horretarako, ondasun eta zerbitzu publikoak zer diren eta zein den gizartean duten eragina azalduko zaie ikasleei, baita nola finantzatzen diren zerga bitartez eta dakartzaten eskubide eta betebeharrak ere. Honekin batera, ondasun eta zerbitzu publikoen aurrean errespetuzko jarrerak landuko dira. Bestalde, iruzur fiskalaren gaineko eztabaida sustatzea ere bada helburuetariko bat, honen aurka egitearen eta erantzukizun fiskala hartzearen garrantzia azaldu bizikidetza soziala antolatzeko, zerga-obligazioak betetzea herritarren betebeharra dela identifikatuz.

Gaur egin den aurkezpenean Eusko Jaurlaritzak, Ogasuneko eta Ekonomiako sailburu Pedro Azpiazuk eta Hezkuntzako sailburu Cristina Uriartek ordezkatuta, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek, Ogasuneko diputatu Jose Luis Cimianok, Jose Maria Iruarrizagak eta Jabier Larrañagak hurrenez hurren ordezkatuta, parte hartu dute. Lau erakundetako ordezkariek apustu egiten dute konpromisozko jarrerak hartzearen alde, zergen balio soziala eta gastu publikoarekin duten lotura azpimarratuz. Zentzu horretan, instituzioek lanean dihardute iruzurraren aurkako eta zerga-betebeharrak borondatez betetzearen aldeko kontzientziazioan, gazteen populazioan enfasi berezia jarriz. Horrek bere isla du aipatutako unitate didaktikoan eta, izan ere, 190.000€-ko inbertsioa egingo dute xede horretarako, %50 Eusko Jaurlaritzak bere gain hartuta eta beste %50a Aldundiek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak