Lehenengo etapako irabazle Marta Bastianelli (Ale Cipollini), orain lider dagoen Amanda Spratt (Orica-Scott), Moolman-Pasio (Cervelo) edota Ane Santesteban bera (Ale Cipollini) dira besteak beste, gaur Antzuolan gertutik jarraitu beharreko izenak. Ez dira protagonista bakarrak izango, ezta gutxiago ere, 16 taldetako 110 ziklista batuko direlako ia 78 kilometro izango dituen Antzuolako etapan. [Hemen] atzoko etaparen laburpena.
Deskarga eta Udana igo beharko dituzte gaur
Gaurko etapa 15:30ean hasiko dute, eta atzo Markina-Xemeinen ez moduan –etapa amaitu aurretik bidali genuen GOIENA errotatibara–, ziklistek gaur eguraldi txukunagoa izango dute. Hala, etapako ia kilometro gehienak Debagoieneko errepideetan egingo dituzte; lehenengo kilometroak nahiko lauak izango dira, Antzuolatik Eskoriatzaraino etorriko dira, eta Aingeru Guardan buelta erdi eman eta gero ostera ere Antzuolarako bidea hartuko dute ziklistek. Hor, 44. kilometro inguruan, izango dute lehenengo mendatea, bigarren mailakoa den Deskarga (6 kilometro %5eko desnibelarekin); Horra tropela batera iristen bada Deskargako maldek min egingo dute, eta Legazpitik Udana igo ostean, Oñati eta Antzuola bitartean egongo dira azken ihesaldi saiakerak. Hor arrakastarik ez badute, uztailean amateur mailako Antzuola Sarian tarteka gertatzen den moduan, herriko plazan azkarrenen arteko esprinta ikusi ahal izango da.
Bihar, zapatua, etapa erregina
Antzuolakoa etapa nagusiaren atarikoa izango da, izan ere, ziklistek bihar etapa gogorra izango dute aurretik, Etxarri Aranatzen. Ez kilometro askokoa izango delako (55) baina bai Aralarko San Migelera igo beharko dutelako. Domekan, berriz, Errenterian amaituko da Bira.