Bergara Kirol Elkarteko zuzendaritzak oharrean Antiguoko klubak izandako jarrera salatu du. "Antiguokori gure ezustea eta haserrea azaleratu gura diogu, izan ere, alebin mailako bi jokalari fitxatzeko asmotan etorri dira, zer-eta gure kategoria berean lehiatzeko. Horrek talde horrekin izan behar dugun harremana birplanteatzera eraman gaitu. Horrekin batera, jokalari horren gazteak fitxatzeko joera salatu gura dugu, batez ere haurraren egunerokoan aldaketa handiak ekarri behar baditu. Halako jokabideak gizarteratzeko hainbat neurri hartuko ditugu, eta horrela jokatzen dituzten klubak salatzeko gertu gaude".
"Formazio modeloarekin talka egiten du"
Bergarako klubetik adierazi dute haurrak erakartzeko halako "modu agresiboek" talka egiten dutela adin txikietan dituzten formazio modeloekin. Eta, Diputazioari eta Gipuzkoako futbol federazioari dei egin die zera exijituz: "Amai dezatela behin betiko halako jokabideekin, eta erregulatu ditzatela jokalarien joan-etorriak helburu bakar batekin: haurrarengan pentsatuz".
Bergarak egun 420 futbol jokalari ditu –gizonezkoak eta emakumezkoak– "Gure konpromisoa garbia da, kirola sustatu gura dugu integrazioan eta berdintasunean oinarrituta. Eta, lehiaketa helburu horiek lortzeko tresna bat baino ez da, ez da helburu garrantzitsuena".