Martxoaren 18an eman zioten hasiera Soraluzeko Ezozian Gipuzkoako 48. Hiru Txirlo Bolo txapelketari. Ordutik Elgoibarren, Azpeitian, Deban eta Bergaran jokatuko dituzte hainbat jardunaldi eta zapatu honetan Elgetaren txanda da.
Txapelketako zortzigarren tiraldia da Elgetan jokatuko dutena. Ohikoa den moduan, kiroldegiko bolatokian izango da eta 17:00etan emango diote hasiera. "Orain arteko tiraldietan 50 lagun inguruk bota dute", adierazi du Sebastian Arantzabalek. Parte-hartzea antzerakoa izango delakoan dago elgetarra.
Floreaga taldeko Jose Muñoz azkoitiarra dago une honetan sailkapen nagusiko lidergoan, 35 txirlo botata, eta Asola Berri taldeko Ibai Diez eibartarra dago bigarren postuan, 30 txirlorekin. Elgetako taldeko parte-hartzaileei dagokionean Sebastian Arantzabalek 26 txirlo jo ditu eta Antonio Ibarluzeak 25.