Badator Puntaik Punta, bertako aberastasunaz gozatzeko gonbitearekin

Ubane Madera 2017ko mai. 16a, 11:06

Debagoieneko Bidezidorren Jaialdiak Bergararen ondare naturala eta kulturala bertakoen eta bisitarien eskura jarriko du bihartik, eguaztena, domekara bitartean; kirola, natura, aisialdia eta kultura uztartzen dituen eskaintza zabala baliatuta, eta adin tarte desberdinak aintzat hartuta. Bergara izango da aurtengo edizioaren gune zentrala, baina eskualdera ere barreiatuko da Puntaik Puntaren eskaintza.

Oihana Kortazar mendi korrikalariak emango dio hasiera Puntaik Puntaren bigarren edizioari, bihar eguaztena, 19:00etan, Bergarako Irizar jauregian egingo duen hitzaldi baten bitartez.

Hortik aurrera eta hurrengo hiru egunetan, Bergaran eta inguruan nahi adina aukera izango dira naturaz eta kulturaz gozatuz bertako altxorrak ezagutzeko. "Adin desberdinetako jendeak topatuko du zerbait disfrutatzeko herrian era desberdinetan", azpimarratu du Bergarako alkate Elena Letek.   

Ibilaldi ugari aukeran

Hori bai, bidezidorren jaialdia izaki, ibilaldiak dira Puntaik Puntaren abiapuntu; esaterako: Elgeta-Intxorta-Bergara; familian egiteko Aretxabaleta-Lete-Eraña-Peñakulo-Areantza-Aretxabaleta eta Antzuolako San Isidro azokara joatekoa egin ahalko dira zapatuan, tokian tokiko mendi taldeek gidatuta –Kantsatzeke, Zaraia eta Pol-Pol, hurrenez hurren–. Bide batez, Pol-Pol elkarteak 75. urteurrena duela eta, omenaldia egingo diote domekan: "Pentsatu genuen oso aproposa zela gure keinu hau haiei egitea", dio Letek Puntaik Punta Bergaran egiteko beste arrazoietako bat hori izan dela azalduta.  

Bestalde, ibilaldiekin batera, bertako altxorrak ezagutzeko aukera ere bada hurrengo asteburuan: Espeleo Arrikrutz,, Atxorrotxen historia… Eta horren guztiaren osagarri, bizikleta martxa, orientazio probak,  Bergarako lorategietara bisitak, eskualdeetako museotara bisita gidatuak, piraguismoa, tirolina, eskalada eta senderismo azoka ere izango dira, besteak beste.

Zea Mays, The Uski's, Enekora…

Hori guztia aberasteko, kultura hitzordu erakargarriak ere baditu bere baitan Puntaik Puntak: The Uski's –barikuan–; Diablues-Bluecifer, musika eskolako udaberriko kontzertua eta Zea Maysen kontzertuak –zapatuan– eta umeendako ikuskizunak zapatuan eta domekan –Bola Bai eta Mister Pitxitxi, esaterako–.
Bertaratzeko autobus zerbitzu bereziak izango dira. 

Egitarau osoa ikusteko klik egin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak