Buruz Buruko finaletik kanpo gelditu da Rezusta baina Irribarria amaierara arte estututa

Larraitz Zeberio Lekuona 2017ko mai. 14a, 19:57
Beñat Rezusta gaurko finalerdian.

"Gauza askotan ni baino gehiago izan da", adierazi du partidu amaieran Rezustak. Aramarrak 17an utzi du bergararra eta maiatzaren 28an Bilbon jokatuko den finalean izango da Bengoetxearekin batera. Rezustari dagokionean hurrengo domekan jokatuko du Donostian Buruz Buruko txapelketako 3. eta 4. postuak erabakitzeko norgehiagoka Urrutikoetxearen aurka.

Apustuak Irribarriaren aldekoak ziren hasieratik eta bi pilotariek asko jokatu badute ere aramarra gehiago izan da. Bana, bina eta hiruna berdindu dute norgehiagoka hasieran, baina hortik aurrera Irribarria aurretik joan da eta zenbait unetan alde handiarekin. Hirunako berdinketaren ostean sei tantoko aldea hartu du markagailua 9-3 ipiniz, eta hortik aurrera errenta handitzen joan da 21-9 egitera arte.

Bergararrak, ordea, ez du amore eman. Nahiz eta Irribarria partidua irabazteko tanto bakarrera egon min egiten ahalegindu da eta zortzi tanto egin ditu ilaran. Sakean asmatu du gehienbat eta urduri jartzeraino estutu du Irribarria. "Uste dut bukaeran pixka bat estutu dudala eta pozik nago. Ihes egin dit eta bukaeran ezin izan diot bueltarik eman", esan du Rezustak.

Bergarako atzelaria lau onenen artean sartu da aurten. Ez zuen konfiantza handirik txapelketa hasieran baina konfiantza hartzen joan da eta lan polita egin du azkenean. Txapelketa amaitzeko partidu bat gelditzen zaio orain. Hurrengo domeka arratsaldean jokatuko du Donostiako Atano III. pilotalekuan Urrutikoetxearen aurka. Sarrerak eskuragarri daude 688 857 510 telefono zenbakian.

Bengoetxea eta Irribarria finalean

Oinatz Bengoetxeak irabazi zuen atzo beste finalerdia. Mikel Urrutikoetxearen aurka jokatu zuen Labriten eta 22-08 irabazi zuen. Hala, Bengoetxea eta Irribarria izango dira aurtengo Buruz Buruko txapelketako bi finalistak. Maiatzaren 28an jokatuko dute, Bilbon.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak