Jokoan zutena jakinik bi taldeak zelairatu dira irabazteko guztia ematera, eta halaxe jokatu dute partidu guztia. Ostadarrek etxean jokatzearen abantaila izan du, baina lehen gola Arizmendi UDAkoek egin dute, Eider Altubek. Beheralditxoa etorri da ondoren, eta hori aprobetxatuta berdindu egin dute etxekoek. Halaxe joan dira atsedenaldira.
Bigarren zatian Ostadarrekoak gehixeago izan dira baina lehen gola Arizmendi UDAko Alaitz Beltran de Herediak egin du. Etxekoek ez dute behera egin, eta berdinketa iritsi da. Ane Vicentek hirugarrena egin du partidua bukatzear zegoela, baina, azken minutuetan etxekoen aldeko penaltia adierazi du epaileak, eta horiek ez dute hutsik egin. Halaxe bukatu da partidua, eta Ordiziren eta Anaitasunaren arteko emaitzaren zain geratu dira ospatzen hasi aurretik. Haiek ere berdindu egin dutela jakinda hasi dituzte ospakizunak. "Halako partiduak beti dira zailak, hori jakinekoa zen. Hiru taldeek, Anaitasunak, Ostadarrek eta guk oso puntu gutxiren aldea genuen, eta horrek erakusten du egon den parekotasuna", adierazi du bukaeran Esti Loiti entrenatzaileak.
"Merezitako" igoera
Lehen fase ezinhobea egin zuen Arizmendi UDAk eta multzoko liderra izan zen. Igoera fasearen hasiera, baina, trabatu egin zitzaien. "Denboraldia hasi genuen 14 edo 15 jokalarirekin, baina poliki-poliki gutxitzen joan dira, lesioak izan ditugulako, eta zoritxarrez, larriak. Horrek eragin handia izan zuen taldearen jokoan eta beheraldia pasatu genuen. Azkenean geure lekura bueltatu gara, kadeteen laguntza tarteko". Horregatik igoera "merezitakoa" dela uste du Loitik.
Zaleak, Arizmendiko erregionaleko mutilak eta neska alebinak, joan izana gaur, Lasartera, eskertu du: "Zale horiek egin dutena sekulakoa izan da, izugarria. Gure taldea hotza da halakoetarako eta berotasun hori eskertu egin dugu. Jokalariak harrituta zeuden: sekula ez zaigu halakorik pasatu, zioten". Gaur ospatzera joango direla adierazi du Loitik, eta aurrera begira datozen egunetan jarriko dira: "Euskal Liga beste maila bat da. Aurre egiteko moduan gaude baina orain dauden seniorrak geratuz gero eta taldea handituta, 14 edo 15 jokalari ez direlako nahikoa. Ikusiko dugu zer gertatzen den".