Preso eta urrun dauden herritarren eskubideak aldarrikatzeko Lasterbidean, ekainaren 4an, Oñatin

Antolatzaileek gaur goizean egin dute lasterketaren aurkezpena. Lasterketa luzea, laburra eta patinen lasterketa iragarri dituzte. Horrekin batera egun osorako egitarauaren berri eman dute.

Hainbat lagunekin batera egin dute aurtengo lasterketaren aurkezpena Haritz Carrerak eta Nekane Ayensak. Aldamenean izan dituzte, esaterako, bailarako hainbat korrikalari ezagun eta baita ere Etxerateko kide Gerardo Plazaola eta Mertxe Arregi.

Orain bost urte egin zuten lehenengo Lasterbidean, Oiartzunen. "Bost urte joan badira ere zoritxarrez arineketan darraigu urrunketari bidezidorra topatu nahian. Herrialde nahiz herri desberdinetatik eman ditugu elkartasun pausoak. Batzuetan geldo eta besteetan arinago. Jakitun gara preso eta urrun dauden euskal herritarren eskubideak errespetatu eta etxeratzeko lasterketaren erritmoa biziagotu beharra daukagula denon artean eta arin helmugak ezin baitu denbora luzean itxaron. Horregatik nork bere pasiotik zein esparrutik elkartasun pausoak emateko gonbita egin nahi dugu", adierazi du Carrerak.

Aurkezpenean parte hartu duen taldea arineketan sartu da Oñatiko Foruen Plazan. Carrerak azaldu du 10:00etan abiatu direla leku beretik Lasterbidean lasterketako ibilbide luzea egiteko. "Gaur goizean ere denon artean ilusioz betetako pausoak eman ditugu. Plazatik 10:00etan abiatu eta 2017ko edizioko ibilbide luzea ezagutu dugu. Ziur gaude ekainaren 4ean ere kamiseta gorriz jantzitako korrikalari askok elkartasun pauso andana emango dituztela".

Aurkezpen ekitaldian elkartutako lagunek txaloak eskaini dizkiete hilabeteotan helburu berdinarekin lanean diharduen Oñatiko herriari. Azaldu dute lasterketa luzea, laburra eta patinendako lasterketa izango dituela 2017ko Lasterbidean-ek eta gertatutako egitarauaren berri eman dute.

Hiru lasterketa batean

Nekane Ayensak eman du gertatutako egitarauaren berri. Bezperatik hasiko dira ekitaldiak. Zapatuan, ekainak 3, Herstura eta Viva Belgrado taldeek kontzertua egingo dute Oñatiko gaztetxean, 20:00etan.
 
Biharamunean, Lasterbidean egunean, 08:30ean hasiko dira dortsalak banatzen. Ordu berean zabalduko dute egunean bertan izena emateko aukera. Abiatuko den lehenengo lasterketa patinena izango da, 10:00etan. 9,2 kilometroko ibilbidea izango dute.

Lasterketa luzea izango da hurrengoa abiatzen. Lasterkariek 8,3 kilometroko ibilbidea egingo dute Foruen plazatik 11:00etan irtenda. Azkenik, ibilbide laburreko lasterkariak abiatuko dira, 12:15ean. Kasu honetan hiru kilometroko ibilbidea izango dute. Sari banaketari dagokionean 13:00etarako dago aurreikusita Foruen Plazan. Jarraian etorriko dira ekitaldia eta herri bazkaria —kiroldegian 14:30ean—.

Arratsalderako umeendako ekintzak eta tailerrak iragarri dituzte, 16:30ean hasita. Oinaztu aisialdi taldeak gidatuko ditu. 17:00etan, berriz, dantza bertikalak izango dira plazako pilotalekuan; eta 17:30ean pilota partidua pilotari profesionalak izandako Saralegi/Eunate eta Mikel Goñi/A. Gorrotxa bikoteekin. Ondoren, kontzertua egingo du Trikimailu taldeak.