Askotariko musika estiloak musika eskolen kontzertuan

Larraitz Zeberio Lekuona 2017ko mai. 12a, 21:04
Oñatiko eta Soraluzeko musika ikasleek emanaldi amaieran egindako saio bateratua.

Adin guztietako 80 bat neska-mutikok egin dute Debagoieneko musika eskolen kontzertua, Oñatin. Askotariko musika formazioek hartu dute parte eta denen artean programa zabala eskaini dute. Izan abesbatza, soka laukotea, konbo taldea edo orkestra urtean zehar egindako lana erakutsi dute.

Oñatiko Jose de Azpiazu musika eskolak hartu du aurten Debagoieneko musika eskolen kontzertua antolatzeko ardura. Bailarako bost eskolak hartu dute parte —Oñati, Arrasate, Aretxabaleta, Bergara eta Eskoriatza— eta horiekin batera Soraluzeko musika eskolak.

Soraluzeko haur abesbatzak zabaldu du emanaldia. Hamasei neska-mutikok hiru pieza eskaini dituzte dantza mugimendu eta guzti. Jarraian, Eskoriatzako soka laukotearen txanda izan da. Bi pieza ezagun eskaini dituzte: La Misión eta Forrest Gump.

Oso bestelako estiloan Aretxabaletako musika eskolak konbo taldea aurkeztu du. Bost gaztek Maniac eta Carrie kantu ezagunak eskaini dituzte.

Bergararren txandan Betigazte gitarra taldeak egin du emanaldia. Crisitna Larrañagaren gidaritzapean hamar neska-mutikok La Bamba eta The Entretainer eskaini dituzte gitarraren doinuaren berezitasuna erakutsiz.

Arrasateko musika eskolatik Jon Prietok zuzentzen duen orkestra gaztea etorri da. 25 laguneko taldeak lau pieza eskaini ditu, gustagarrien artean Tango eta Txatxa obra.

Ikuskizuneko azken musika eskola Oñatiko Jose de Azpiazu izan da. Proposamen berezia egin dute eta urtebeteko ibilbidea duen big band taldea aurkeztu dute. Hamabi laguneko taldeak lau pieza eskaini ditu eta erritmo dantzagarriak ekarri ditu emanaldira.

Antolatzaileek zein musika eskola ezberdinetako ordezkariek emanaldiko balorazio positiboa egin dute. Horrelakoak ondo etortzen dira neska-mutikoek jendaurreko emanaldiak egiteko eta baita ere eskolen arteko harremanak sendotzeko.

Ikuskizunari amaiera emateko Imanol Urbietaren Behin betiko eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots-en Euskaldunak gera abestu dituzte Santa Ana aretoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak