Gradu Bukaerako Lana euskaraz, balio erantsia

Maite Txintxurreta 2017ko mai. 11a, 11:37
Sari banaketa ekitaldi osteko talde argazkia, MUren Oñatiko Enpresagintza fakultatean.

Mondragon unibertsitateak eta Mondragon korporazioak Gradu Amaierako euskarazko proiektu onenak saritu dituzte. Lehen saria Mikel Irusta enpresagintza ikaslearentzat izan da, Ikerlanentzat patenteen inguruan egindako lan bategatik.

Eguaztenean euskarazko Gradu Amaierako Lanik onenenen egileak saritzeko ekitaldia egin zuten Oñatiko enpresagintza fakultatean. Mondragon Unibertsitateak eta Mondragon Korporazioak seigarrenez antolatu dute sariketa hau, eta helburua da jendeak lan horretarako euskararen aldeko hautua egitera animatzea. Aurten, 194 proiektu egin dituzte euskaraz Mondragon Unibertsitatean. Horien artean onena, Mikel Irustarena.

Patenteei buruzkoa izan da Irustaren lana, eta hainbat helburu zehatz proposatu ditu, faseka garatzekoak. IK4-Ikerlanen informazio-tresnak hobetuz joatea da helburua, industria jabetzan oinarritutako negozio ereduaren bidean. "Patenteena enpresetan asko ezagutzen ez den kontzeptua da, eta horretan sakondu nahi nuen", dio.

Irusta eskertuta agertu da jaso duen aitortzarekin: "Sorpresa hartu nuen lehen saria irabazi nuela jakinarrazi zidatenean. Noski, orduak eman ostean lanean, eskertzekoa da halako sari bat jasotzea".

Gradu amaierako lana euskaraz egiteko hautuaren zergatiaz galdetuta, Irustak azaldu du ez zuela zalantzarik izan: "Nire ama hizkuntza euskara da, beti euskaraz ikasi izan dut, eta Ikerlanen giro euskaldun bat topatu nuen. Gainera, uste dut enpresa edo unibertsitate bat euskaldun egiten duena euskara dela.

Bigarren saria

Aurtengo bigarren saria Irati Abadentzat izan da, bera ere gasteiztarra. Mondragon Goi Eskola Politeknikoan egin ditu bere ikasketak, eta Fagor Arrasaterako egindako proiektuagatik saritu dute. Sari banaketa ekitaldian ezin izan zen egon, eta bere tutoreak, Andoitz Aranburuk jaso zuen saria bere ordez.

Abadek egindako proiektuaren izena Konpositeentzako HCL eta kargadorea duen transfer prentsaren diseinu estetikoa da. Hortaz, Fagor Arrasaterendako bi prentsa motaren diseinu estetikoa egin du.

Fagor Arrasateko Andoitz Aranburuk, Abaden tutoreak, azaldu du Fagorren asko baloratzen dutela proiektuak euskaraz egitea, eta hala eskatzen dutela, gainera. Lanera begira ere balioan jarri gura izan du euskararen aldeko hautua: "Proiektuak euskaraz egiteak bermatzen du, etorkizunean pertsona hori enpresan lanean geratuko balitz, euskara maila hori bermatuta izatea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak