Loiolako San Ignazio erromesa eta pertsonaia unibertsala izan zen XVI. mendean, eta besteak beste Jesusen Lagundiaren sortzailea ere izan zen. Bere haurtzaroa eta gaztaroa igaro zituen lurraldea barneratzen du Ignaziotar Lurraldeak, Urola Erdia, Urola Garaia eta Debagoiena eskualdeak hain zuzen ere.
Izan ere, proiektu honek San Ignazioren lorratzak jarraituz XVI. mendeko Gipuzkoan murgiltzea du helburu eta hau lortzeko hainbat ekintza antolatzen ditu urtean zehar. Tartean, asteburu honetan martxan jarriko den Ezkutuko Altxorrak izeneko egitasmoa, non hilabeteko bigarren asteburuan bisita gidatu desberdinak antolatuko diren Debagoieneko txoko desberdinetara. Egitasmo honek hileroko maiztasuna izango du eta abendua bitartean martxan izango da.
Lehenengo bisita gidatua maiatzaren 13an izango da Elgetako Jasokunde Amaren elizako erretaula ezagutzera, eguerdiko 12:00tan hasita. Hurrengo egunean, maiatzaren 14an, Oñatin izango dira bisita gidatuak, 12:00tan Kakao zaporea Ignaziotar Lurraldean izenekoa egingo da eta 18:00tan berriz, Madalenako ermita ezagutzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Bisita gidatuetan parte hartzeko aurrez izena eman beharra dago Debagoieneko Mankomunitatearen Turismo sailean, 943 79 64 63 telefonoan edo turismo@debagoiena.eus helbidean.