Arizmendi UDA igoera faseko liderra da, Anaitasunari 3-1 irabazi eta gero

Xabier Urtzelai 2017ko mai. 7a, 10:49
Arizmendiko UDAko jokalariak goletako bat ospatzen.

Arizmendi UDAko neskek lau jardunaldi behar izan dituzte igoera faseko sailkapena iraultzeko. Lehenengo partiduak ikusi eta gero faboritoen multzotik atera zituzten, taldeak urteko makalaldia pasa zuelako hor, baina ordutik puntuak hirunaka batu dituzte. Atzora arte lider zegoen Anaitasunari erakutsi zioten Arizmendikoek benetan ze asmo duten (3-1).

Mailaz igotzeko apustu serioa egin dute Arizmendi UDAko jokalariek, eta atzoko garaipenaren ostean (3-1) eskura dute helburua, dagoeneko sailkapeneko lehen postura igo direlako, besteak beste, Anaitasuna eta Ostadar atzean utzita. Hain zuzen, atzo lider zegoen Azkoitiko taldea izan zuten kontrario, eta hura zen etxekoak zer egiteko gauza diren erakusteko partidua. Bada, ez zuten kalerik egin.

 

Lehenengo zatia 1-1ekoarekin amaitu zuten, baina bigarrenean kanpotarrak menderatu zituzten, erakutsiz, orain momentuan Arizmendi UDA dela igoera faseko talde erreferentea. Ez dago dena eginda, Ostadarren zelaian jokatuko dute faseko azkeneko norgehiagoka, baina besteen emaitzen zain egon barik, Arizmendi UDAren eskuetan dago urteko helburua.

Kopan Mondrako neskek indartsu jarraitzen dute

Arrasateko taldeak lehenengo postuan jarraitzen du kopan, atzo Ilintxari errepaso ona eman eta gero (5-1). Atsedenaldirako zuri-moreak 4-0 ziren aurretik, eta bigarren zatian egin zuten bosgarrena. Garaipen horrekin, Mondrak multzoko lidertza ziurtatu du eta kopako final-laurdenak etxean jokatuko ditu, beste multzo bateko bigarrenaren kontra. Bergarak, berriz, asteburu honetan atsedena izan du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak