Aurtengo Trauti egunean elkarteko kideek herriko eraikuntza publikoetan eta denda eta tabernetan jarri dute fokoa: "Berezko zailtasunak duenari bidea errazten ez bazaio neke gehiegi jasan beharko du edonora iristeko, eta gehienetan asmoak alde batera utzi beharko ditu", adierazi dute elkartetik. Hala, eraikuntza publikoei dagokienez bi eskaera dituzte: Lehenik eta behin arautegia betetzea eta sarbideak egitea mugikortasun urria duten pertsonendako, eta hor, Oñatiko Notariotza jarri dute adibide moduan. Eta bestetik, gaineratu dute beste eraikin batzuetan egin dituztela sarbideak, baina normalean atzeko ateak izaten direla: "Esaterako, anbulatoriora garajetik sartu behar dugu, eta goiko aparkalekuan aparkatuz gero jeitsi beharreko aldapa arriskutsua da. Edo, kiroldegira joateko berriz ere araua betetzen ez duen aldapa bat igo edo jaitsi behar dugu, bestela igogailutik kiroldegiaren atzeko partera irten eta berriz sartu behar dugu, kanpoko bi ate zeharkatuta".
Baita denda eta tabernetan ere
Eraikin publikoekin batera Trautikoek Oñatiko denda eta tabernetan ere jarri dute fokoa: "Badira Oñatin hainbat eta hainbat taberna eta denda mugikortasun arazoak dituztenek ezin dituztenak bisitatu. Hala, denda edo taberna bat berrizterako orduan, gogoratu legearen atzean pertsonak daudela, sarbide barik, kalean geratzen diren pertsonak".