Puntaik Puntaren bigarren edizioa Bergaran maiatzaren 19a eta 21a bitartean

Jokin Guridi 2017ko mai. 4a, 14:34

Debagoieneko bidezidorren jaialdiaren bigarren edizioan ibilbide desberdinak egiteko aukera edukitzeaz gain kultur jarduerak, bisita gidatuak, musika emanaldiak, kale animazioa eta senderismo azokaz gozatzeko aukera izango da.

Debagoienak bidezidor sare zabala du bere lurraldean zehar. Seinaleztatutako eta homologatutako 23 PR ditu guztira 295 km. hartzen dituztenak, 3 SL, 2 ibilbide irisgarri eta bertatik igarotzen diren 6 GR. Bidezidor hauetako batzuk Aizkorri-Aratz Parke Naturalaren barnean daude, Vasco-Navarro bide berdeak eskualde osoa zeharkatzen du eta Oñati-Arrikrutz kobetan lur azpitik ibilbideak egiteko aukera ere badago. Horregatik, Debagoienak mendi-ibilien erreferentea izan nahi du eta maiatzaren 19tik 21era senderismoaren eskualdea bihurtuko da Puntaik Punta jaialdiarekin.

Jaialdian bidezidor gidatuen eskaintza zabala izango da, distantzia eta zailtasun desberdinetakoak, Debagoieneko herri guztietan zehar. Eskualdeko mendi taldeen lanari esker antolatutako ibilaldi gidatu hauetan txoko desberdinak ezagutzeko aukera izango da eta hauetan parte hartzeko aurrez izena eman beharko da. Eskaintza hau Bergaran egingo diren beste era bateko eskaintzekin osatuko da jaialdian zehar. Esaterako, senderismo azoka izango da arloko profesionalak erabiltzaileekin harremanetan jarri eta esperientziak trukatzeko. Bertan, 12 partaide izango dira, tartean, argitaletxeak, erakunde publikoak eta kirol materialeko enpresak.

Baina aisiarako aukera ere egongo da Bergaran, kultur jarduerak, bisita gidatuak, kalejirak eta musika kontzertuak ere izango dira. Besteak beste, Mendifilm proiekzioa, lorategi historikoen bisita gidatua, ogitarteko osasuntsuak egiten ikasteko tailerra, Bola Bai haurrentzako ikuskizuna, mendiko eta naturako argazki tailerra eta Enekora, The Uski’s, Txantxariak, Diablues-Bluecifer eta Zea Mays taldeen emanaldiak ere izango dira hiru egunetan zehar. Gainera, igandean, Pol-Pol eta Urdabururen sorreraren 75. urteurrenaren eta Trintxerren 25. urteurrenaren ospakizunen barnean omenaldia egingo diote hiru mendi elkarte hauei.

Debagoieneko Mankomunitateak antolatzen duen jai honetarako autobus zerbitzu bereziak jarriko dira eta autokarabanak aparkatzeko gunea ere izango da. Egitarau osoa hemen kontsulta daiteke.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak