HUHEZI Fakultatearen 40. urteurreneko ospakizunak hastear dira

Jokin Guridi 2017ko mai. 3a, 16:35
Richard Gerver hezkuntza eta berrikuntzan aditua

Hainbat ekitaldi izango dituzte Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultatean maiatza eta ekainean zehar, besteak beste, “40 urtean euskal gizartean eragiten” liburuaren eta dokumentalaren aurkezpena, Richard Gerver hezkuntzan aditu britainiarraren hitzaldia eta Ruper Ordorikaren kontzertua.

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak 40. urteurrena ospatzen du aurten. Maiatzean eta ekainean zehar hainbat ekitaldi ludiko eta akademiko antolatu ditu 40 urtean euskal gizartean eragiten lelopean urteurren hau ospatzeko. Izan ere, Eskoriatzako Irakasle Eskola izenez hasi zen hura gaur egun HUHEZI bezala ezagutzen da eta fakultatearen ibilbidea errepasatzen duen 40 urtean euskal gizartean eragiten. Irakasle Eskola - Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea (HUHEZI) izeneko liburua eta dokumentala aurkeztu ondoren hainbat ekitaldi egingo dira Debagoienean zehar.

Ospakizunak maiatzaren 4ean hasiko dira Komunikaldia 2017: Kirola, komunikabideak eta generoa izeneko jardunaldiarekin. Aretxabaletako campusean izango da eta bertan kirolaren, komunikabideen eta generoaren arteko erlazioa izango dute hizpide. Komunikaldiaren XII. edizioa zabaltzeko aurkezpena 10:00etan hasiko da, performantzia-emanaldi batez jarraituz. 10:30etan Amelia Barquin HUHEZIko ikertzaile eta irakaslearen hitzaldia izango da eta ondoren Maider Unda borrokalariarekin, Agurtzane Elorriaga txirrindulariarekin eta Oihana Aldai futbolariarekin mahai ingurua izango da, Arritxu Iribar kazetariak egingo dituelarik moderatzaile lanak.

Maiatzaren 17an berriz Richard Gerver hezkuntzaren eta berrikuntzaren alorretako adituak Education: the simple thinking behind a complex future (Hezkuntza: pentsamendu soila etorkizun konplexuaren aurrean) izeneko hitzaldia emango du Arrasateko Amaia Antzokian. Richard Gerver gobernu britainiarraren aholkularia izandakoa da eta gaur egun UNESCOren hezkuntza-politiketako aholkularia da. Hitzaldia arratsaldeko 18:30tan hasiko da eta bertaratzeko izena ematea beharrezkoa izango da maiatzaren 10a baino lehen. Hitzaldia ingelesez emango du, hala ere, gaztelerazko eta euskarazko aldi bereko itzulpena eskainiko da.

40. urteurreneko ospakizuneko ekitaldi guztiak hauek izango dira:

  • Maiatzaren 4an: Komunikaldia 2017: Kirola, komunikabideak eta generoa jardunaldia Amelia Barquin, Maider Unda, Agurtzane Elorriaga, Oihana Aldai eta Arritxu Iribarrekin, goizeko 10:00etan hasita, Aretxabaletako campusean
  • Maiatzaren 11n: Euspot euskarazko iragarki-lehiaketaren sari-banaketa izango da Aretxabaletan, Arkupe kultura-etxean, 19:00etan.
  • Maiatzaren 17an: Richard Gerveren Education: the simple thinking behind a complex future (Hezkuntza: pentsamendu soila etorkizun konplexuaren aurrean) hitzaldia Arrasateko Amaia Antzokian 18:30tan.
  • Maiatzaren 18an: Txomin Txapel, Fakultatearen jaia Eskoriatzako campusean.
  • Maiatzaren 22anLiteratur Topaketak: 40 urtez harrobia sortzen, Eskoriatzako Zaldibar aretoan 09:00etan.
  • Maiatzaren 25ean: Miriam Luki eta Concetta Probanzaren Euslandia poesia interaktibo saioa izango da 18:00etan eta ondoren, 19:30tan, Ruper Ordorikaren kontzertua Eskoriatzako campusaren klaustroan.
  • Ekainaren 8an: Ingurune digitala garatzen Eskoriatzako Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean, 09:00etan.
  • Ekainaren 16an: Gobernantza kooperatiboa kooperatibismoari buruzko jardunaldia Eskoriatzan 09:00etan.
  • Ekainaren 17an: Fakultateko langileen eta langile ohien arteko topaketa Eskoriatzan 11:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak