Elay-ren euskalduntzea, 'Ikustenda' egitasmoko lehen saioan

Itziar Larrañaga Sarasola 2017ko mai. 2a, 11:19

Korrika 20ren aitzakian eta Debagoieneko hiru euskaltzale protagonista hartuta egindako sortarekin abiatuko da Julen Iriondo kazetariaren egitasmo berria: Ikustenda. Sortako aurrenekoa izango da Anaje Narbaiza bergararrarekin batera Antzuolako Elay enpresaren euskalduntzea errepasatuz egindakoa. Eguen honetan 21:00etan, Goiena telebistan.

Ikustenda egitasmoko lehenengo hiru saioetako protagonistak izango dira Patxi Goikolea –bertso eskolen sortzaile arrasatearra–, Xabier Ugarte –gitarra-jotzaile oñatiarra– eta Anaje Narbaiza bergararra –Elay-ko langilea–. Aurreneko sorta honek aipatutako pertsona eta erakundeen ibilbidearen edo lanen errepasoa egingo du. Bakoitzak du bere esparrua, baina denek dute lotura berezia euskararekin. Horregatik, eta Korrika 20 izan berri dela aprobetxatuz, euskararen aldeko lasterketaren gaineko aipamenak ere tartekatuko dira saioetan.
 
Egueneko aurreneko saio honetan Antzuolako Elay enpresako langileak eta lana bera euskalduntzera bidean egindako ahalegina izango da hizpide, horretan zeresana izan zuen pertsonetako baten, Anaje Narbaizaren, konpainian. 80ko hamarkadan hasi ziren Elay-n hizkuntzarekiko ardura erakusten, eta 90ekoan jarri zuten martxan Euskal Herrian aitzindari izan zen Euskara Plana. Gerora etorri dira beste hainbat eta hainbat enpresa, baita Antzuolako beste bi nagusiak ere, Erreka eta Goizper, eta hiruak lagungarri dira euskarak herrian, gaur egun, duen osasun onean. Enpresa haietako ordezkariak eta Beñardo Kortabarria alkatea ere azalduko dira saioan.
 
 
'Ikustenda', egitasmo berria
 Julen Iriondo kazetari oñatiarraren egitasmo berria da Ikustenda. Debagoieneko pertsonak eta gaiak protagonista, entretenimendura bideratutako ikus-entzunezko saioak eskainiko ditu, aurrena egitasmoaren webgunean www.ikustenda.eus eta ondoren Goiena telebistan; astean, saio bat –eguenetan, 21:00etan, Goiena telebistan–.
 
Aste honetan estreinatuko den sortaren ondotik, bizitza erdi kirolari eskaini dioten hiru teknikari izango dira protagonistak: Aloña Mendiko igeriketako Xabier Infante Artza, Arrasateko Ointxeko Josu Larreategi eta Bergarako pilotarien entrenatzaile Reyes Azkoitia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak