Eibarrek ibarrari bota dio begia Kirol Hiria egiteko

Iaz Realaren kontra Eibarrek jokatutako partiduko irudia; ikusteko dago zer gertatuko den Atxabalpeko berdeguneekin.

Eibarko taldearen etorkizuna bermatzeko estrategikotzat jotzen dute kirol instalazio berriak egitea. Horretarako, baina, 40.000 metro koadroko lursaila behar dute, eta Eibarren ez dute aukera askorik; Elgeta eta Bergara dituzte aukeren artea.

Eibar Futbol Taldeak etorkizuna bermatzeko dituen asmoak ez dira berriak. Taldea Lehenengo Mailan izanda, egungo zuzendaritzak –Garbiñe Gorostiza buru– garbi du aurrera egin gura badute plan estrategikoan jasota duten Kirol Hiria proiektua gauzatu behar dutela, ezinbestekoa dela. Horretarako, baina, 40.000 metro koadro inguru behar dituzte –Agorrosingo instalazioak zazpi bider– eta lursail horietan, besteak beste, belar naturaleko bi zelai eta belar artifizialeko beste bi zelai egin gura dituzte, gainontzeko kirol ekipazioarekin batera.

Ekainean hauteskundeak izango dituzte, eta badirudi hautagaitzak bat datozela Kirol Hiria proiektuak duen lehentasunean; bai, behintzat, Garbiñe Gorostizaren eta German Albistegiren hautagaitzak. Ezberdintasunak, baina, Kirol Hiriaren kokalekuan datoz. Eibarrek duen orografiagatik Gorostizak zail ikusten du herrian bertan egin ahal izatea, eta besteak beste, Bergara eta Elgeta jo ditu begiz. Eta, Albistegik garbi du kirol instalazio horiek Eibarren egon behar dutela.
Ibarreko alkateekin berbetan

Hori horrela, GOIENA Bergarako eta Elgetako alkateekin jarri da harremanetan. "Aurreko agintaldian egin ziren gestio batzuk Eibarko taldearekin. Ibili ziren plano gainean lanean, baina gero gaia geldi egon da hiru bat urtez edo", adierazi du Elgetako alkate Iraitz Lazkanok. "Orain hilabete batzuk etorri ziren berriz galdetzen ea zein aukera egon daitekeen proiektua Elgetan egiteko, eta hainbat aukera zituztela esku artean. Baina hartu-eman bakarra izan dugu guk Eibarko ordezkariekin. Udal arkitektoarekin egon gara ea ze aukera egon daitekeen ikusteko, baina hortik eta egunotan komunikabideetan agertu direnetara… Irakurri dugunez proiektua eginda daukate. Gu prest gaude alternatiba horiek zeintzuk diren entzuteko. Une honetan nik ez daukat alternatibarik 40.000 metro karratuko lautada bat egiteko Elgetan. Baina ondo ikusiko genuke, arau subsidiarioak aldatuz gero, industrialdean degradatuta dauden zonak erosten baldin badituzte hor bi futbol zelai egiteko".

Bergararen kasuan, badirudi Eibarrek Larramendi industrialdea duela begiz jota, 300.000 metro koadro daude bertan, baina Bergarako alkateak gogorarazi du hori Sprirena dela. Berez lur industriala dela, eta, berriro lurrak kalifikatzekotan, jabeek Udalari baimena eskatu beharko lioketela.  

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.