Idazlaguna, Bergarako hizkuntz paisaia euskalduntzen

Idazlaguna ekimena lau iruditan

Dendariei eta ostalariei euren komertzioetako errotulu, kartel, menu edota bestelako iragarkiak euskaratzen laguntzeko Idazlaguna ekimenak egindako ibilbidearekin "oso pozik" dago Jardun euskara elkartea; ekainerako kanpaina berri bat prestatzen dabiltza.

Duela ia hiru urte jaio ziren Bergaran idazlagunak, dendariei eta ostalariei euren komertzioko hizkuntz paisaia –errotuluak, menuak, eskaintzak…– euskaratzen laguntzen dieten herritar boluntarioak. "Euskara, hizkuntza gutxitua izanik, nabarmendu egin behar da. Bultzada berezia behar du. Horregatik, merkataritzan euskara hutsean dagoena baloratuko eta goraipatuko dugu, nahiz eta elebitasuna onartzen dugun. Hori bai, betiere euskarari lehentasuna emanda", diote Jardunetik.

Orain arte egindako ibilbidearekin oso pozik daude: "Ekimena martxan jarri zenean 60 herritarrek baino gehiagok eman zuten izena boluntario bezala eta 100 komertziok konpromisoa hartu zuten euren hizkuntza paisaia euskaraz edo elebitan jartzeko. Orain arte egindako kanpainetako parte hartzea ona izan da eta lortu dugu hainbat komertziok euren kabuz euskaraz iragartzea. Hasieran idazlagun baten beharra zuten baina gaur egun ez. Hortaz, balorazioa oso positiboa egiten dugu, herritarrak eta komertzioak batuta lortu dugulako gure herriko hizkuntz paisaia euskaldunagoa izatea".

Ekainean, arropa eta oinetako dendak

Jardun euskara elkarteak urteko lau kanpaina aurreikusten ditu, kanpaina bakoitza arlo zehatz baten zentratuz: tabernak eta jatetxeak, arropa eta oinetako dendak, janari dendak eta bestelakoak. Tabernetan eta jatetxeetan hizki zopa egin zuten, janari dendetan Erosi, prestatu eta gozatu euskaraz kanpaina eta aurtengo ekainean arropa eta oinetako dendetan zentratuko dira: "Kanpaina berri horri forma ematen gabiltza".

Idazlagun izaterakoan hiztegi arazoak izaten dira ohikoenak, ez dira-eta itzultzaile profesionalak. "Egokitasuna dela, euskara batuan berba batzuk ulergaitzak direla eta horiek nola moldatu herritarrek uler dezaten..." Horretarako, baina, Jardunek IdazLaguna izeneko aplikazioa sortu zuten. Eta, idazlagunek hala esanda, "tresna oso erabilgarria" da.

Ekimenak bide oso emankorra egin du orain arte baina oraindik badago zer egin. "Etengabe elikatu behar da, bestela ahaztutzat emateko arriskua dago", diote Jardunekoek. Ainara Zubia idazlagunak honakoa gaineratu du: "Guretako oso lan erraza da eta laguntza handia dugu atzetik. Uste dut beharra dagoen bitartean hor egon behar garela".

Sebastian Imaz, harakina: "Oso interesgarria da, baina oraindik badago zer egin"

"Olatzagutian [Nafarroa] jaio arren 8 urte ditudanetik Bergaran bizi naiz. Bolu kaleko harategian 31 urte daramatzat lanean. Idazlaguna ekimenari dagokionez, ideia oso interesgarria iruditzen zait, baina oraindik badago zer egin. Nire kasuan, egia esan behar badut, ez dut larregi erabili zerbitzua; izan ere, nire emaztea bergararra eta euskalduna da eta alde horretatik ez dut arazorik izan harategiko kartelak eta bestelakoak bi hizkuntzatan erakusteko".

Ainara Zubia, idazlaguna: "Urtebete pasatuko zen ez didala laguntzarik eskatu"

"Nirekin aritu den dendariak sekulako esfortzua egiten du euskaraz mintzatzeko eta kartelak euskaraz izateko. Asko ikasi du eta geroago eta laguntza gutxiago eskatzen dit. Hori da Idazlaguna-ren helburua, dendariak bere kabuz euskaraz iragartzera animatzea. Eta nire kasuan, urtebete pasatuko zen laguntza eskatu ez didala; pozgarria da. Oro har, uste dut proiektuan parte hartzen duen dendariak zein idazlagunak prestutasun handia duela. Hala ere, badago oraindik zer egin". 

Bailarako beste esperientziak 

Bergarako Idazlaguna ekimena aitzindaria eta berritzailea bada ere, bailaran izan dira ostalaritza mundua euskalduntzen saiatzeko ekimenak. 2016ko azaroan Baietz 1.000 kanpaina abiatu zuen Arrasateko euskalgintzak, bertako komertzioetan euskaraz aritzea helburu. Kanpaina horren barruan, besteak beste, 1.000 herritarren argazkiekin osatutako mosaiko erraldoia osatzeko erronka lortu zuten.

Duela lau urte, bestalde, Oñatiko Udal euskaltegiak oinarrizko euskara ikastaroak antolatu zituen ostalariei begira. Taberna eta jatetxeen egunerokotasunean erabilgarriak izan zitezkeen berba eta esamoldeak ikasi zituzten orduan.

Debagoieneko albiste garrantzitsuak edo azken ordukoak telefonoan jaso gura dituzu?

  • Bidali ALTA 688 69 00 07 zenbakira Whatsapp bidez.
  • Batu zaitez Telegrameko @GoienaAlbisteak kanalera.