20. Korrika arrakastatsuaren ostean, euskararen normalizazioan aurrera egiteko garaia

Maite Txintxurreta 2017ko api. 26a, 15:20

Korrikaren hogeigarren edizioak aho zapore gozoa laga die AEK-koei. Euskal Herri mailan ez ezik, Debagoienean ere erantzun zabala izan zuen ekimenak, eta bultzatzaileak pozik eta eskertuta agertu dira.

“Balorazio ezin hobea egiten dugu; Debagoiendarren ehuneko handi batek egin zuen bat Korrikarekin. Kolosala izan zen”, dio Oskar Elizburuk.

AEKtik eskerrak eman nahi izan dizkie Korrika antolatzeko lanetan batzordez batzorde lanean, arropak saltzen eta bestelako zereginetan aritu diren guztiei: “Elkarlanaren eta auzolanaren erakusgarri izan da”. 

Nabarmendu dute kilometroak diruz laguntzeko deialdiak ere erantzun zabala izan duela, zeudenak baino kilometro gehiago banatu behar izan dituztelako. “49 kilometro fisiko zeuden, eta bikoitza lagundu dira diruz”, azaldu du Elizburuk. Horien artean, denetariko taldeak izan dira, denetariko korrikalariak egon diren moduan: lankide taldeak, kuadrillak, erakundeak, enpresak...

Hausnarketan murgilduta

Behin Korrikaren 20. edizioa bukatuta, orain AEKn hausnarketa prozesu batean murgilduko dira. Hausnarketa horrek zertan datzan galdetuta, hala azaldu dute: “Korrikak neurri oso handia hartu du, eta arriskua egon daiteke eskuetatik ihes egiteko”. Arrisku horren aurrean, garrantzitsuena  “ekimenaren mezuarekin benetan bat egitea eta koherente izatea” omen da.

Bada, koherentzia horrekin lotuta, Oskar Elizburuk nabarmendu du Korrika ekimenak eragile desberdinen euskararekiko konpromisoa irudikatu duela, eta orain, adierazpenok "benetako konpromiso" bilakatzea dela helburua, eta horretarako bidea elkarlana izan behar dela: “Helburuak adostu behar ditugu elkarrekin, nora eta zein epetan heldu nahi dugun zehaztuz”

Horrez gain, nabarmentzeko beste helburu bat euskaraz ikasteko doakotasunaren aldarrikapena da. Elizburuk aipatu du dagoeneko egin direla zenbait aurrerapen, langabeei B2 mailara arte doan ikasteko aukera eskaintzearen akordioa bezala. Hala, doakotasunaren helburu hori Korrikaren hurrengo ediziorako lortuta egotea gura dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak