Hegazkina: Bidaiarien eskubideak

Itziar Larrañaga Sarasola 2017ko api. 13a, 13:00

Ezagutzen al ditugu bidaiarien eskubideak airezko garraioan? Duela hiru egun, overbooking-a zela eta, bidaiari bat indarrez atera zuten United Airlines konpainiako hegazkin batetik. Hegazkinean zegoen beste bidaiari batek momentua grabatu eta sare sozialetan partekatu zituen irudiak. Bideoa azkar zabaldu zen eta gaiak hautsak harrotu ditu mundu osoan zehar. Zer egin dezakegu kasu hauetan?

Aste Santuetako oporretan, hegazkin garraioarekin lotuta, kontsumitzaileek izan ditzaketen ohiko arazoei buruzko gomendio batzuk eman ditu EKA/ACUEK, Euskal Kontsumitzaileen Alkarteak:

Zer egin behar du bidaiariak overbooking-aren aurrean? Zeintzuk dira bere eskubideak?
Overbooking-a konpainiek erreserba gehiegi egin eta hegazkina hartzea ukatzen digutenean gertatzen da. Saihesteko, komenigarria da aldez aurretik aireportura joan eta untzirapen txartela eskuratzea. Overbooking-a suertatuz gero, bidaiariak konpainiaren mostradorera jo behar du, erreklamazio orriak eskatu eta hauetako aukera bat hartu:
-Egin gabe geratutako bidaia-zatiaren prezioaren dirua itzultzea eta dagokionean abiapuntura eramatea.
-Hurrengo hegaldia hartzea.
-Bezeroak nahi duen datarako bidaia atzeratzea.

Aurreko edozein aukera hartuta ere, konpainiak kalte-ordainen konpentsazioa eman behar dio bidaiariari.
-250 euro 1.500 Km baino gutxiagoko hegaldietan.
-400 euro 1.500 km baino gehiagoko Europako hegaldietan eta 1.500 eta 3.500 km arteko hegaldietan Europatik kanpo.
-600 euro bestelako hegaldietarako.

Konpentsazioak dirutan ordainduko dira (ez badugu nahi bidaia-txartelekin edo bestelako zerbitzuekin). Konpentsazioaz gain konpainiak bidariari ondorengo hauek ere ordaindu beharko dizkio:
-Bi telefono-dei edo telefax bidezko mezu edo mezu elektroniko, jomugara.
-Nahikoa janari eta edari, itxaroten egon beharreko denboraren arabera.
-Gaua(k) igaro behar izanez gero, hotelera eramatea eta hotelean ostatu hartzea.

Eta hegaldia deuseztatzen bada?
Jarraitu behar diren urratsak eta kalte-ordainak overbooking-aren kasuan azaldutakoak dira. Hala ere, konpainiek ihes egin dezakete hurrengo kasuetan:
-Deuseztapenaren berri bi aste lehenago ematen badute.
-Bi aste eta zazpi egun bitartean deuseztapenaren berri ematen dutenean. Kasu honetan, bestelako garraio/hegaldi alternatiboa proposatu behar diote kontsumitzaileari, irteera kontratatutakoa baino gehienez bi ordu lehenago atera eta lau ordu baino gutxiagoko atzerapenarekin iritsi behar du.
-Deuseztapenaren berri zazpi egunekin ematen denean. Beste hegaldi bat eskaini da, gehienez ordu bat lehenago ateratzen dena eta bi ordu baino gutxiagoko atzerapenarekin iritsiko dena.
-Ezinbesteko baldintzengatik bada: eguraldi txarra, giro politiko nahasia, segurtasun-arazoak…

Hegaldiaren atzerapenagatiko konpentsazioak.
Nahikoa janari eta edari eta bi telefono-dei edo, faxa edo mezu elektronikoa...
-Bi ordu edo gehiagoko atzerapena 1.500 km edo gutxiagoko hegaldietan.
-Hiru ordu edo gehiago Europar Batasuneko barruko 1.500 kilometroetatik gorako hegaldietan; 1.500 eta 3.500 km bitarteko gainerako hegaldietan.
-Lau ordu edo gehiago gainerako hegaldietan.
-Atzerapena bost ordutik gorakoa bada eta hegaldia bidaiariarentzat alferrikakoa bada, txartelaren kostu osoa itzuli.

Zer egin bagaia atzeratzen, apurtzen edo galtzen bada?
Ekipajearen garraioa bidaia txartelaren prezioan barne dago (30 kg lehen klasean eta 20 kg turista klasean) eta airezko konpainia bidaiarien jabetza guztien erantzule bakarra da.
-Atzerapen edota galtzearen kasuetan kalte-ordainketa zerrenda bat dago ezarrita. Gehienez, 1.200 euro, ez bada aurretik egin balioaren aitorpen pertsonala (garraiatzen denaren balioaren milatik 5 ordainduta) edota konpainiaren aldetik akats larria edo marrokeria izan ez bada.
-Hegaldi nazionaletan, ekipajea hondatzen edo ematea atzeratzen bada, erreklamazioa 10 eguneko epean bidali behar zaio, idatziz, konpainiari. Kaltea gertatu zenetik 6 hilabete igaro eta erreklamaziorik jarri ez bada, eskubideak galtzen dira.
-Nazioarteko hegaldietan ekipajean kalteak badira erreklamatzeko epea 7 egunekoa da; atzerapena bada, 21 egunekoa. 21 egunetan bagaia agertzen ez bada, galdutzat ematen da eta galtzeagatiko kalte-ordaina eskatu behar da.

Noiz eta non aurkeztu erreklamazioa? Ahalik eta lasterren, aireportuan bertan...
Ekintzek ez dute preskibitzen gertaera suertatu eta bi urte igaro arte. Dena dela, komenigarria da lehenbailehen erreklamazioa egitea, aireportuan bertan hobe. Konpainiari lehendabizi.
-Arazoa aire konpainiekin bada erreklamazioa aurkeztu daiteke Hegazkina Zibileko Zuzendaritza Nagusian; eta arazoa aireportuko zerbitzuekin bada, Espainiako Airezko Nabigazioa Erakunde Publikoan (AENA).
-Hegaldia bidaia konbinatu bateko osagarri bada, Garraio Arbitraje Batzordeetan ere egin daiteke erreklamazioa, 3.005 euro artekoa.
-Eta bidariari laguntzeko ere badaude Kontsumobideko bulegoak, Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoak (KIUB) eta kontsumitzaileen elkarteak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak