Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan aurkeztu da aurtengo buruz buruko txapelketa, eta bi berrikuntza nagusi azaldu dira bertan. Alde batetik, partidu guztiak non eta noiz jokatuko diren zehaztuta utzi dute hasieratik, eta baita final erdietako eta finaleko materiala aukeratuta. Kepa Peñagarikano izango da pilota hauek aukeratuko dituen pertsona eta aukeraketa honetan ez du eraginik izango final erdietara edo finalera nor heltzen den.
Bi enpresek, Aspe eta Asegarce, zortzina pilotari izango dituzte buruz burukoan. Tartean bi debagoiendar arituko dira: Beñat Rezusta bergararra, binakako txapelketaren irabazlea, eta Aitor Mendizabal antzuolarra, iazko 2. mailako txapelduna.
Antzuolarrak apirilaren 16an hasiko du ibilbidea txapelketan, Lekeition Zabaletaren aurka. Bergararrak, berriz, apirilaren 21ean izango du lehen partidua, Bergarako Udal Pilotalekuan, final zortzirenetan. Victorren aurka neurtuko ditu indarrak. Jaialdia 22:00etan hasiko da. Sarrerak salgai daude dagoeneko.