Futbol topaketa bereziak egingo dituzte, neskendako Aretxabaletan

Amaia Txintxurreta Guridi 2017ko api. 7a, 14:02
Arizmendi/UDAko alebinak, Gabonetako torneoa jokatzen.

Hilaren 10ean eta 11n izango dira topaketak, Ibarra futbol zelaian, Real Sociedad Fundazioko entrenatzaileen eskutik; gaur, egubakoitza, da izena emateko azken eguna eta bertan parte hartu ahal izango dute 8 eta 12 urte bitarteko neskek.

Arizmendi Kirol Elkarteak antolatuta, eta Mondraren eta UDAren laguntzarekin, lehen aldiz bailaran neskendako futbol topaketa bereziak antolatu dituzte, eta, bertan, Real Sociedad Fundazioko entrenatzaileak egongo dira, Realean erabiltzen dituzten ariketak bertaratzen diren emakumezko futbolariei erakusteko asmotan.

Topaketen helburua da Lehen Hezkuntzako 3. mailatik hasi eta 6.era bitarteko neskei futbolaz gozatzeko aukera bat ematea, futbola gertutik erakusteko eta, gustatuz gero, etorkizunean kirol hori ikasten jarrai dezaten bidea zabaltzeko. Izan ere, topaketetan parte hartzeko ez da beharrezkoa futbol talderen bateko kide izatea, eta inguruko herrietako edozein neskatilak eman dezake izena hilaren 10ean eta 11n, astelehenean eta martitzenean, Ibarra futbol zelaian egingo diren topaketetan parte hartzeko. 10:00etatik 12:00etara bitartean izango dira saioak bi egun horietan.

Egoeraz kezkatuta

Topaketak antolatzeko ideia sortu da bailaran emakumezkoen futbola azkenaldian "gainbehera" egoeran dagoela ikusi dutelako. Horixe adierazi du Arizmendi Kirol Elkarteko arduradunetako batek, Urtzi Amianok. Gaineratu du Realekoekin harremanetan jarri zirenean haiengandik baiezko erantzuna segituan jaso zutela. Neska "gutxi" dabiltza futbolean gaur egun bailaran, eta, orain arteko estruktura mantendu nahi dutenez, futbola kirol gozagarria dela erakutsi nahi dute topaketa horien bitartez. "Nahi duguna da edozein neskak ikustea 8 urterekin aukera izango duela, adibidez, 40 urtera arte futbolean jokatzeko, eta bailaran daukagun futboleko estruktura orain arte bezala mantendu nahi dugu", adierazi du. Duela hiru bat urte antolatu zituzten antzerako topaketak, baina oraingoak balio erantsia du: Real Sociedad Fundazioko entrenatzaileak izango direla.

Izena emateko

8 eta 12 urte bitarteko neskek hartu ahal izango dute parte eta izen-ematea webgune honetan egin beharko da gaur, egubakoitza, gaua baino lehen: www.arizmendi.eus.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak