Aurre-audientzia atzeratu egin du epaileak

Larraitz Zeberio Lekuona 2017ko api. 7a, 10:05

Urtarrilean Bergarako epaitegian egindako lehen aurre-audientzia.

Hilaren 12rako zegoen ezarrita Ordaindu-Mondragon auziaren bigarren aurre-audientzia Bergarako epaitegian. Epaiketarekin lotutako prozedurengatik, bertan behera uzteko erabakia hartu du epaileak, eta data berriaren zain dira alde biak.

Ordaindu eta Eskuratu plataformetako kideek Mondragon Taldearen aurka jarritako demanda dela-eta bi aldeen abokatuak Bergarako epaitegian elkartzekoak ziren hilaren 12an. Egun hori ipini zuen epaileak urtarrilean egindako epaiketa aurreko lehen entzunaldiaren ostean. Bigarren ekitaldi, baina, atzeratzeko erabakia hartu du.

Ordaindu eta Eskuratu plataformetatik igorritako informazioaren arabera, epaileak prozedura idatziz ebatzi nahi ditu urtarrilaren 24an egindako lehenengo aurre-audientzian talde kooperatiboak aurkeztutako salbuespen prozesalak. "Bergarako 3. zenbakiko epaitegiko epaileak Mondragon Taldeak eskatutakoaren inguruan auto irmoa egingo du eta behin hori eginda dekretatuko du prozesuarekin jarraitzeko data berria", adierazi dute demandatzaileek. "Orduan izango dugu alde biek, besteak beste, epaiketako lekukoak nortzuk izango diren planteatzeko aukera".  

Mondragon Taldearen irakurketa

Bestelako argibideak eman ditu Mondragon Taldeak. Adierazi dute beraien ustez kontrako alderdiak berandu aurkeztu dituela urtarrilaren 24an egindako aurre-audientzian faltan sumatutako agiriak.

Urtarrileko aurre-audientzia horretan demandatzaile bakoitzak eskatzen duen diru-kopurua zein produkturengatik eskatzen duen ez zela zehazten azpimarratu zuen Mondragon Taldeak, eta epaileak arrazoia eman zien. Mondragon Taldeak bere burua egoki defendatu ahal izateko zehaztasun hori egitea ezinbestekoa dela esan zuen epaileak.

"Gure ustez, epez kanpo aurkeztu dute eskatzen zitzaien dokumentazioa", esan dute asteon Mondragon Taldeko iturriek. "Gauzak horrela, errekurtso bat jarri dugu eta epaileak kontuan hartu du, eta bigarren aurre-audientzia atzeratzeko erabakia hartu du. Oraingoz, ez du epe berria ipini", adierazi dute.  

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak