ETAk aditzera eman du "erakunde armagabea" dela dagoeneko

Agiriaren zati bat.

BBC Erresuma Batuko telebista kate publikoari bidalitako agiriaren bidez eman du ETAk armagabetzearen berri. Dagoeneko erakunde armarik bakoa dela iragartzeaz gain, "kontrolpean" zituen "arma eta lehergailuak gizarte zibilaren esku" daudela jakinarazi du.

"Oso ibilbide zaila eta gogorra izan da, Estatu espainolak eta frantsesak ahal bezain beste oztopo eta arazo jarri dituztelako, garaitu eta garaileen eskeman tematuta, polizia bidean gotortuta". Berba horiekin hasten du ETAk ohar laburra.

Dena den, dio ETAk, "zorionez", gizarte zibilak "urratsa egin" duela eta "usteltzeko bidean" zegoen "blokeo egoera askatzeko" ekarpen "erabakigarria" egin duela, armagabetzearen ardura politikoa eta teknikoa gizarte zibilak bere gain hartuta. Prozesuak euskal erakundeen aldetik izan duen "babesa" ere nabarmendu du ETAk.

Biharko -zapatuan Baionan egingo da ekitaldia- armagabetze egunari ere egin dio erreferentzia erakundeak esanez oraindik prozesua ez dela amaitu eta ohartarazi du armagabetze prozesuak "bakearen etsaien erasoaldiak" jasan ditzakeela.

Armagabetzearen alde Baionan bihar, zapatua, bilduko diren "milaka eta milaka" herritarrak dira "aurrerabidean segitzeko berme bakarra", ETAren esanetan.

Bost paragrafo dituen oharra amaitzen du zera esanez: "Euskal Herriaren alde egiteko hartu genituen armak eta Euskal Herriaren esku utzi ditugu orain, gure herrian bakea eta askatasuna lortzeko bidean urratsak egiten segitzeko, konponbidearen agendan aurrera egiteko konpromisoak hartu behar direlako".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.