'Amarengana erromes' lelopean egingo dute zapatuan erromesaldia Arantzazura

Larraitz Zeberio Lekuona 2017ko api. 5a, 18:29
Iaz Arantzazura egindako erromesaldia.

Erromesak 09:30ean abiatuko dira Oñatitik eta otoitzaldia egingo dute santutegira iritsitakoan. Jakin 08:30ean itxiko dutela zirkulazioa Arantzazurako errepidean.

Urtero bezala Arantzazura ibilaldia antolatu du Donostiako Elizbarrutiak. Zapatuan, hilak 8, egingo dute Amarengana erromes lelopean. Erromesak 09:30ean abiatuko dira Oñatitik, eta ohitura duten legez parte hartzaileek ebanjelioko pasarteak eta gogoetak entzun ahal izango dituzte bidean.

Elizbarrutitik jakinarazi dute aurtengo erromesaldia ez dagoela deitua elizarekin lotutako gertakari jakin baten eta erronka etiko zehatz baten ildoan. "Amarengana erromes goiburuarekin Ama Birjinaren babespean eta ama-maitasunean murgiltzera deituta gaude. Orain bi mila urte gurutzearen ondoan jaso zuen egitekoa betetzen jarraitzen baitu gaur ere gure Amak", adierazi dute. 

Erromesak 12:00ak aldera iritsiko dira Arantzazuko santutegira eta otoitzaldia egingo dute Donostiako gotzain Jose Ignacio Munillak gidatuta. Amaitutakoan erromesek Oñatira autobusez jaisteko aukera izango dute.

Antolatzaileek jakinarazi dute oinez igo ezin direnendako autobusak antolatu dituztela eta erromesaldiaren atzetik igoko direla.

Santutegirako errepidea, hori bai, 08:30ean itxiko dute mota guztietako ibilgailuendako. Erromesaldia pasa ahala irekiko dute.

Azkenik, Gurutze Gorriko sorosleek aholkatu dute ondo gosalduta eta oinetako egokiekin joateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak