Debagoienean sartuko da gaur Itzulia

Xabier Urtzelai 2017ko api. 5a, 10:22
Gaur Eskoriatzatik Oñatira arteko tartea egingo dute gurean ziklistek.

Euskal Herriko Itzuliak ia urtero egiten du Debagoienera bisita, eta aurten ere birritan pasako dira guretik, gaur, eta zapatuan, Eibarko erlojupekoan. Gaur hirugarren etapa jokatuko dute, ziklistak Gasteiztik abiatuko dira, eta 14:00ak aldera etorriko dira gurera, Arlabandik behera. 

Azkar pasako dira Debagoienetik, herriak ez dituzte-eta barrutik zeharkatuko. Berrogehi minutu baino ez dituzte egingo gurean; 14:00ak aldera iritsiko dira Eskoriatzara, eta handik, sahiesbidetik Elorregiraino jaitsi ostean, Oñatirantz (14:38) hartuko dute, Udana gainetik (14:50) Legazpirako bidea hartzeko. Etapa hasiera denez ikusteko dago ihesaldi saiakerarik egongo den, ala tropel osoa batera pasako den. Hala, aurreikuspena da 17:30ak aldera ziklistak Donostiara iristea.

Zapatuan, erlojupekoa gurean 

Zapatua izango da, baina, Euskal Herriko Itzulia gurean gehien gozatzeko eguna. Itzuliko azken etapa izango da, eta Eibarren hasi eta amaituko den erlojupekoan erabaki dezakete nor izango den aurtengo ziklista indartsuena. Erlojupekoan, hasierako kilometroetan ziklistek Eibartik Elgetara igo beharko dute, alegia, Karabieta igo beharko dute. Ondoren, Bergara aldera jaitsi eta Osintxutik barrena Soraluze aldera joko dute txirrindulariek, Eibarko Untzaga plazara itzultzeko. Espezialistentzat edo forma onean dauden txirrindularientzat ibilbide egokia da, beti ere haserako igoeran indarrak ondo neurtzen badituzte. Eta, batez ere, Elgetara arteko zatia ikusgarria izango da ikusleendako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak