"Jokalariok gogotsu gaude datorren urtean maila nazionalean jokatzeko"

Xabier Urtzelai 2017ko api. 4a, 13:01
Mailaz igo diren UDA-Aretxabaletako jokalariak, Korrikaren pankartarekin. Argazkia: UDA Kirol Elkartea.

Aretxabaletako areto futbol taldeak asteburuan lortu du mailaz igotzea. Zapatuan 9-2 hartu zuten mendean Atxurre –kronika behean– baina matematikoki igoera eskuan izateko domekara itxaron behar zuten, laugarren sailkatu Erandiotarrakek ezin zuelako garaipenik eskuratu. Karanbola beteta, ospatzen hasteko ordua zen.

Eta domekan bertan hasi zituzten ospakizunak: "Gainontzeko klubetako zorion mezuak jasotzen hasi ginen, eta hor baieztatu ahal izan genuen dagoeneko mailaz igota geundela", adierazi du taldeko ordezkari Asier Mansok. "UDAkoekin hartu-emanetan jarri eta arratsaldean bertan Ibarrara joateko gonbitea jaso genuen, futboleko lehenengo taldeak omenaldia egingo zigulako, pasilloa eginda. 

Domeka arratsaldean, UDA futbol taldekoekin egindako talde erretratua, Ibarran.

Hiru jardunaldi geratzen dira ligan

UDA Aretxabaleta lider dago Euskadiko Txapelketan, eta oraindik hiru jardunaldi geratzen dira liga amaitzeko: "Asteburuan hirugarren postuan dagoen Kukuyaga Etxebarriren kantxan jokatuko dugu, eta eurek ere mailaz igotzeko aukerak dituzte. Hala, baliteke partidura gu baino presio gehiagorekin joatea. Hor emaitza positiborik lortzen ez badugu, Aste Santu ostean partidu polita izango dugu, lehenengo bi sailkatuak izango garelako zein baino zein gehiago, eta hor erabaki daiteke nor den ligako txapelduna. Gainera, etxeko zaleen aurrean jokatuko dugun ligako azken partidua izango da". 

Mailaz igotzeko asmoa dute

Arkaitz Riberaren mutilek dagoeneko eskuratu dute Hirugarren Nazional mailara igotzeko txartela –liga irabaztea izan behar da hiru jardunaldi hauetako helburua–, baina taldeak zer egingo duen ikusi behar da. Tarteka, halakoetan gertatzen da taldeak muzin egitea mailaz igotzeari: Aurrekontua asko garestitzen delako, goiko kategorian bidaia luzeegiak egin behar izaten dituztelako... Askotariko arrazoiak egoten dira: "Baina ez da gure kasua. Klubarekin berba egin dugu, fitxak zenbat garestituko diren ikusi beharra dago, baina euren babesa dugu. Hala, jokalariok dagoeneko egin dugu gure artean berba, gutako hainbat dagoeneko beteranoak gara, baina mailaz igotzea motibagarria da, eta gehienok taldean jarraituko dugu. Gainera, kontrarioak Euskal Herriko taldeak izango lirateke, bidaiak oraingoen antzerakoak izango lirateke eta alde horretatik ez dugu uste kategoria askoz ere garestiagoa denik. Kontu horiek ere aztertu egin beharko ditugu".

 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak