Errenta kanpaina hasi du Foru Ogasunak

Mirari Altube Arrese 2017ko mar. 31a, 14:51

250.000 autolikidazio proposamenetik gora bidaliko ditu Aldundiak. Atzo hasi zen horretan eta apirilaren 6tik aurrera onartu ahal izango dira. Errenta mekanizatuari dagokionez, Ogasuneko bulegoetan egingo dira aitorpenak; apirilaren 11n irekiko da hitzordua hartzeko epea eta 18an hasiko dira aitorpenak aurkezten.

Aitorpena jaso eta onartu ez dutenek, berriz, apirilaren 20tik aurrera eska dezakete mekanizaturako hitzordua. Eta ekainaren 26an itxiko da Errenta kanpaina. Horren guztiaren berri eman dute gaur goizean Ogasun eta Finantza diputatu Jabier Larrañagak, Ogasuneko zuzendari Jokin Peronak eta Zerga Kudeaketako zuzendariorde Yolanda Dominguezek. "278 milioi euro itzuli eta 202 milioi euro jaso", horiek dira Gipuzkoako Foru Ogasunak 2016ko Errenta kanpainarako aurreikusi dituen zenbakiak.

Aurreikuspenen arabera, 376.000 aitorpen espero dira, hauetatik gehienak autolikidazio proposamen bitartez aurkeztuko direnak. Batez beste, 1.030 euro itzuliko dizkio Ogasunak aitorpena itzultzera duen zergadun bakoitzari, eta ordaintzera dutenek, bere aldetik, 1.906 euro ordaindu beharko dituzte.

Autolikidazio bidez %67,1

Autolikidazio proposamenei dagokionez, 250.359 egin dira, aitorpen guztien %67,1, eta, esandako moduan, atzo hasi zuten bidalketa. Hauetatik 173.073 itzultzera izango dira eta 77.286 ordaintzera. Foru arduradunek gogorarazi dute proposamena jaso ostean onartu egin behar dela, eta horretarako bi bide daudela: 902 100 040 telefonoan edo honako web orrian: www.gipuzkoa.eus/ogasuna/renta. Proposamena zenbait aldaketekin ere onar daiteke: etxebizitzen alokairuen etekinak, lokalen alokairuen etekinak, ohiko etxebizitzaren alokairuagatik kenkaria, dohaintzen kenkaria eta sindikatuen kuoten kenkaria.

Araudiaren aldetik, aldaketa nagusiak langileen partaidetza sustatzeko Foru Arauaren onarpenetik datoz, kenkariak hobetu direlako erosle zein saltzaileentzat. Bestalde, salbuetsita geratzen dira, aurten lehenengoz, minbizia edota beste gaixotasun larriak dituztenen zaintzarekin erlazionatutako diru-laguntzak eta baita eskola kirolarekin lotutako zenbait jarduera ere. Azkenik, zoru klausula bezala ezagutzen direnei dagokionez, itzulitako kantitateak ez dira zerga oinarrira gehituko, baina aurreko ekitaldietan erabilitako kenkariak berrikusi beharko dira.

Aberastasuna eta Fortuna Handien Gaineko Zerga

Aberastasuna eta Fortuna Handien Gaineko Zergari dagokionez, iazko emaitzak hobetzea espero du Foru Ogasunak. 65,9 milioi euro biltzea aurreikusten du, aurreko urtean baino 1,6 milioi euro gehiago. 7.500 pertsonek ordainduko dute zerga hori, 2015ean baino 68 gehiagok. Perona zuzendariak azaldu duenez, zerga honetan aitorpena aurkezteko modu bakarra dago (Internet bidez), eta epea apirilaren 18an hasi eta ekainaren 26 arte luzatuko da.

Iruzur fiskalaren aurka sentsibilizatzea

"Baliteke konturatu ez izana. Baina badira gure egunerokoan gauza asko, urtero egiten dugun ekarpenaren esku daudenak”, adierazi du foru diputatuak, eta hain zuzen esaldi hori da Aldundiak datorren astean abian jarriko duen komunikazio kanpainaren mezu nagusia. "Kanpainaren helburua gipuzkoarrekin konektatzea litzateke, zerga bidezko ekarpenak egitearen garrantziari buruzko sentsibilizazioa hedatzeko", azpimarratu du.

Kanpainan lanean dabiltzan Ogasuneko 120 langileei eskerrak eman dizkie. Eta iaz, 31.685 dei jaso zirela azaldu du Larrañagak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak