Gustuko aldapan nekerik ez, dio esaerak, eta domekan atsotitzak esangura betea izango du, eguraldi makurrari aurre egitearekin batera korrikalariek desnibel handiagoa gainditu beharko dutelako, mila metro gehiago –1.300 metroko desnibel positiboa izango dute–.
Anporretan luzatuko dute
Ibilbidea ia urterokoa izango da, Udalatxera igo eta Besaiden egingo dute itzulia. Baina, hasierako kilometroak luzatu egin dituzte, Udalara iritsi aurretik. Izan ere, Monterronetik eta San Kristobaletik pasa ostean, Anporreta inguruan egin beharreko tartea luzeagoa izango da domekan.
Faboritoen zerrenda
Irteera puntuan 350 korrikalari batuko dira. Gizonezkoetan Iban Letamendi eta Jokin Garai oñatiarrak, Aitor Ajuria, Aritz Kortabarria arrasatearra edota Ekaitz Kortazar daude faboritoen multzoan; eta emakumezkoetan Oihana Azkorbebeitia izango da garaipenaren borrokan faborito nagusia.