Bergarako eta Aramaioko ordezkariak falta izan dira agerraldian, baina Debagoieneko EH Bildutik adierazi dute ekitaldi horren bitartez Korrikari ongietorria eman nahi izan diotela eta bertan parte hartzera animatu dituzte herritarrak.
Aurtengo Korrika 20. urtez egingo da. Eta agerraldian adierazi dute atzetik urte gehiagoko "lan sendoa" ere badagoela euskara eguneroko tresna komunikatibo naturala izan dadin. Egindako lana "handia" izan dela aitortu dute, baina gaineratu dute, hala ere, oraindik badagoela zer egina.
Korrika Debagoienean
Aurtengo Korrika hurrengo asteko egubakoitzean, apirilaren 7an, iritsiko da Debagoienera Bergaratik, eta Antzuolarako bidea hartuko du gero. Udanatik Oñati aldera jaitsiko da zapatu goizean, apirilaren 8an, eta Leintz Gatzagarainoko bidea egingo du, bailarako herriak zeharkatuz. Antzuolako alkate Beñardo Kortabarriak esan du aurtengoa "jendetsua" izango dela uste dutela.