"Euskaraz pentsatu, sentitu eta bizi zara, Gurean zara". Horrela aurkeztu da Gurean.eus, euskal errealitate lokalaren leiho globala izatea helburu duen hedabide berria.
Gurean.eus TOKIKOM osatzen duten 60 komunikabideen 23 edizio digitalek sortutako albiste guztiak bateratzen ditu ohiko sailetan antolatuta: gizartea, ekonomia, kultura, kirolak, politika, ekitaldiak, euskara....
Gainera, sarean dagoen elkarlanerako gune irekia ere izan nahi du, gai berberaren gainean hainbat komunikabidek sortutako kronikei eta analisiei eta TOKIKOM osatzen duten komunikabideen 250.000 ohiko irakurleen eta erabiltzaileen iritziei eta ekarpenei esker.
Sareko komunikabidea
Gurean.eus sarerako pentsatutako komunikabidea da, bereziki mugikorretatik kontsultatua izateko, baina tablet edo ordenagailu bidez irakurtzeko ere prestatuta dago. Eta informazio lokala emateko orduan izan daitekeen hutsune garrantzitsua betetzera dator.
Gurean.eus aktibo dago jada eta bazkideak diren komunikabideetako zein TOKIKOMekin erlazioa duten hainbat webgunetatik ere sartzeko aukera izango da, horretarako sortutako widget batzuen bitartez.