Goizeko 10:30etan elkartu dira, Debagoieneko hainbat Mintzalagun taldeetatik etorritako kideak Eskoriatzako Euskaldun Berrien plazan. Handik abiatuta, eta bidean hainbat geldialdi eginda lasai egin dute gorako bidea.
12:00ak inguruan heldu dira Atxorrotxera eta ordurako zain zituzten Ibarraundi Museoko bi lagunak. "Garai baten han zegoen Nafarroako Erreinuko gazteluaren inguruko azalpen interesgarriak eman dizkigute; horien artean: Erdi Aroko Nafarroako Erreinuko ur-biltegi handiena zela Atxorrotxekoa, gazteluko harresien inguruko bitxikerien gainekoak ere bai, eta baita azken urteotan egiten ari diren indusketen gainekoak ere. Famili argazkia atera ostean, beherako bidea hartu dugu, eta behin plazara helduta, luntxa egin dugu plazako kontzejupeian. Mokadutxo eta mokadutxo artean, Saioak Atxorrotxeko gazteluarekin lotutako kondaira bat kontatu digu. Goiz pasa ederra egin dugu, eta gainera, atzo aurreikusten ez zen besteko eguraldi onarekin", azaldu du parte-hartzaile batek.