Manuel Muñozen jokatu dute gaur areto futbol partidua Eskoriatzak eta Aretxabaletak. Harmailak inoiz baino beteago, giro aparta, eta partiduaz gozatzeko asmoz bertaratu dira zaletuak kiroldegira. Esaten den moduan, derbietan ez dago faboritorik, eta hala izan da. Izan ere, Aretxabaleta liderra da, eta garaipenarekin mailaz igotzeko aukera zuen, eta hori lortu nahian irten dira gaurkoan kantxara, baina ez da hala izan. Azkenean, 3-0 Eskoriatza garaile.
Lehen zatia, hutsean amaitu da, eta Aretxabaleta hobeto ibili den arren, ezin izan dute golik sartu. Hala ere, biek ala biek aukerak izan dituzte, baina joko aldetik orokorrean lasaia izan da.
Bigarrenean hiru golak
Bigarren zatian, ordea, Eskoriatzarren hiru golak etorri dira. Lehen gola, Asier Ibabek sartu du kontraeraso baten ostean. Bigarren eta hirugarren golak, berriz, Asier Urrak sartu ditu, lehena, penalti bikoitz baten ondorioz, eta azkena, aurkariak atezaina jokalari moduan jarrita zuenean, beraien zelaitik jaurtita. Hala amaitu da Eskoriatza eta Aretxabaletaren arteko derbia. (3-0).