Errauskailuaren kontrako manifestaziora joateko deia egin dute

Debagoiena Eredu plataforma.

Bihar, zapatua, Donostian egingo duten protestan parte hartzera deitu du Debagoiena Eredu plataformak

Autobusak antolatu ditu Debagoiena Eredu plataformak eskualdetik Donostiara joateko bihar, zapatua, egingo den manifestaziorako  –izena ohiko tokietan eman behar da–. Hain justu, 17:00etan abiatuko da Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak antolatutako protesta ekimena, Anoetatik, Erraustegirik ez! Alternatiba dagoelako leloarekin. "Debagoienean posible dela eta alternatiba dagoela erakutsi dugulako, Gipuzkoan egin nahi den errauskailuaren aurkako manifestazioan parte hartzeko deia luzatzen dizuegu Debagoieneko herritarroi", diote Debagoiena Eredu plataformatik.

Bilketa selektiboa

"Hondakinak nahastuz, zaborra sortzen da. Hondakinak bereizita kudeatu ezkero, hauek baliabide bilakatzen dira. Arazoa zaborra da, ez hainbeste hondakinak. Beraz, gizarteko beste hainbat arlotan bezala "prebentzioa" gizakiaren ongizaterako "klabea" den  moduan, hondakinen kudeaketan ere,  "prebentzioa" martxan jartzea beharrezko neurria da. Neurria, kasu honetan, erraza da benetan: hondakinak selektiboki biltzea", aldarrikatu du Debagoiena Eredu plataformaren izenean Josu Peredak.

"Egingarria delako"

Aldarrikapen hori indartzeko eskualdeko datuak ekarri ditu gogora plataformako kideak: "Debagoienean erakutsi dugu praktikarekin posible dela prebentzioa martxan jartzea, horrela zaborra ahal den eta gutxien sortzeko –Debagoienean bilketa selektiboa %80koa da, urtean soilik 5.000 tona zabor sortuz; beste eskualde batzuetan, ordea, %40koa da–. Gaur egun 170.000 tona zabor sortzen dira Gipuzkoan urtean. Herri guztiek Debagoienak bezala bilketa selektibo eraginkorrak martxan balituzte 50.000 tonatara jaitsiko litzateke. (…) Irtenbidea ez da beraz errauskailua, nahitaezko bilketa selektibo eraginkorrak herri guztietan ezartzea baizik. Eta geratzen den zabor zatikiari (50.000 tona inguru) errausketa ez den tratamendu merke eta osasuntsuagoa ematea", gaineratu du Peredak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.