Eskarmentu handiko musikariek osatzen dute Sumision City Blues: Iñaki Urbizu Pela, Iñigo Azazeta Anti, Joseba Baleztena, Kike Lafuente Penike eta David Marinek. Obligaciones, Gramones, Joseba B. Lenoir, Willis Drummond eta beste talde askotan ibilitakoak dira. Boskote gasteiztarrak Hay un plan trazado desde arriba que se llama… Sumision City Blues disko berria aurkezten dihardu, eta, rockean ez ezik, bluesean eta bestelako doinuetan trebeak dira. "Pozik gaude orain arte egindako diskoaren aurkezpenekin. Harro gaude egindako lanarekin eta kanta horiek zuzenean elkarrekin jotzea izugarrizko plazera da", adierazi du Joseba Baleztena taldekideak. "Ematen du jendeak ere gustura hartu duela diskoa eta kontzertuetan askotariko publikoa aurkitzen ari gara dantzatzeko gogoz. Hori beti da pozgarria".
Elgetarako disko berrian oinarritutako emanaldia prestatu dutela adierazi du Baleztenak. "Nola ez, aurreko diskoetako kanta ugari ere emanen ditugu. Ikusleek gozatu eta gozatuarazi nahi duen rock-and-roll banda bat aurkituko dute".
Emanaldi berean izango dira The Riff Truckers eta Nevada taldeak. "The Riff Truckerseko lagunek ere kontzertu bakoitza ospakizun handi bat bezala bizi dute beraz bai ekipo ederra eginen dugula uste dut!", esan du Baleztenak.
The Riff Truckers eta Nevada
Gernikako taldea da The Riff Truckers eta Spaloian izango da baita ere. 2005ean sortua, rock-and-rolla dute ardatz nagusi, baina blues eta country doinuak ere jorratzen dituzte. Bi disko dituzte kalean eta hirugarren grabatzen ari dira orain. "Gure kantuak joko ditugu eta bertsioren bat edo beste ere jausiko da", adierazi du Obaman taldekideak. Gernikako bandako musikariek aurreikusten dute 22:00etan hasiko dela beraien emanaldia.
Eta motorrak berotzeko eta azken orduko kontuak tarteko Nevada taldea ere Spaloian izango da bihar. 21:00etan emango diote hasiera kontzertuari. Jaialdirako sarrera da zazpi euro. Hiru taldeen ostean DJ Karbak hartuko du lekukoa.