Beñat Arnaiz: "Maila honetan gertu ikusten dut erretiroa"

Xabier Urtzelai 2017ko mar. 17a, 14:06

Beñat Arnaiz, Oñatiko plazako helmugan.

Hainbat duatloi eta triatloi irabazi ditu Beñat Arnaizek (Aretxabaleta, 1980), baina domekan kirol bizitzako lehenengo garaipena izango balitz moduan ospatu zuen Oñatin lortutakoa. Euskadiko txapeldunak maiatza du egutegian gorriz markatuta, lehenengoz egingo du-eta distantzia luzeko proba bat, ironman bat. Eta, dagoeneko eguna iristeko irrikan dago. 

Saltsa ederrean sartu zara ironmanean izena emanda. 

Bai, orain esan duzu egia. Ea maiatza lehenbailehen iristen den, dagoeneko nekatzen nabil-eta horrenbeste entrenatzeaz. Baina erronka polita da, distantzia berria, beste esperientzia bat. 

Badirudi, baina, lana bide onetik doala.

Bai, entrenamendu luzeak egiten nabil, baina saio motzak egiten ditudanean ikusten dut ez dudala abiadura galdu. Domekan banuen beldur hori, distantzia motzeko lasterketa izanda, baina ez, ondo nago.

Lasterketan ez zenuen kontrariorik izan, hasieratik jarri zenuen oso erritmo bizia.

Beldur apur bat nuen hasieran, ez nuen aurrera egin gura eta 10 kilometroko korrikaldia bakarrik egin, ondoren taldetxoa sortzen bazen bizikletan ni harrapatzeko aukera emango nielako. Talde txiki bat sortzen ahalegindu nintzen, bizikletan batera joateko, eta lehenengo jaitsieran erasoa jo nuen. Bigarren itzuli osoa bakarrik egiteak ere bazuen arriskua, baina aurrera egitea erabaki eta korrikako saiora tarte politarekin iritsi nintzen –ia minutu bat–; banekien azken bost kilometroetan ezinezkoa zela abantaila hori galtzea.

Hunkituta ikusi zintugun helmugan.

Bai, oso garaipen berezia izan da. Oñati beti izan dut begiz jota, eta gutxien espero nuenean iritsi da garaipena. Duela 12 urte inguru etorriko nintzen lehenengoz, eta orduan Jon Aperribai, Zuhaitz Ezpeleta... Horiek ibiltzen ziren garaipenengatik borrokan, eta nire erreferenteak ziren. Sekula ez nuen pentsatuko Oñatin irabaztea lortuko nuenik. 

Orain Lanzaroteko erronka duzu zain.

Bai, eta erronka da niretako, baina baita etxekoendako ere, halako lasterketa batek inguruko guztiongan duelako eragina. Halakoetan ez da norberak egin dezakeena bakarrik, ondokoek asko lagundu behar zaituztete. 

Dagoeneko ez zara mutil koskor bat, lehiaketetara begira, momentu onenean zaude?

Gustura nabil, bai, baina esandako moduan, jada ez naiz mutil koskorra eta badakit maila honetan ezingo dudala luzaroan egon. Ez dut esango bihar bertan maila honetan lehiatzeari utziko diodanik, baina bai, beste esparru batzuetan jardun gura dut, eta batez ere, beste maila batean. Nekatuta nago horrenbeste sakrifizio egiteaz, nigatik baino, etxekoengatik. Asteburuetan sei edo zazpi orduko entrenamendu saioak egin behar ditudanean, etxekoak hor daude, eta azkenean erreza da erretzea. Ez dut esango bihar denik, baina nahiko gertu ikusten dut maila honetan erretiroa hartzea.  

Erreportaje berezia, duatloia barrutik

Joan den domekan Oñatiko duatloiko lasterketa grabatzearekin batera, GOIENAk egun osoan zehar jarraitu ahal izan zuen Beñat Arnaiz atleta. Helburua ez zen garaipenaren testigu izatea, aurrez ezinezkoa zelako Arnaizek irabazi egin zuenik jakitea. Helburua lasterketa egun bat barrutik bizitzea zen, gosaltzeko ordutik hasita. Eta, gainera, Aretxabaletakoak irabazi egin zuen lasterketa. Bada, horrekin erreportajea egingo du GOIENAk. Argituko dugu noiz emitituko den. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak