Korrikako kilometroen erdiak bideratu dituzte

Ubane Madera 2017ko mar. 16a, 19:19
Korrikako dokumentalaren aurkezpena. Argazkia: Korrika

46 kilometro egingo ditu euskararen aldeko lasterketak Debagoienean. Eta horietatik erdiak dagoeneko bideratuta daude. "Eskuratu gura duenari bizkor ibiltzeko gomendatuko nioke, ze laster agortzen dira.

"Arrasaten, adibidez, oso-oso ondo doa eskaera. Beste udalerri batzuetan, berriz, motel samar, oraingoz. Baina gero, azkeneko orduan etortzen dira kilometroak eskuratzeko eskaera mordoa, eta horiek antolatzea eta, batez ere, kilometroa eskuratu dutenei korrika egiteko lekurik gustukoena ematea ezinezkoa izaten da –herrien erdiguneak dira preziatuenak–. Eta hori gertatzen denean, herri arteko zatietan egin behar izaten dute korrika", esplikatu du Aitor Juaristik, Debagoieneko Korrikako koordinatzaileak.

Hala, hark eskatu du martxoaren 25a aurretik –egubakoitza– bideratzea kilometroen eskaera, honako helbidera: –korrikadebagoiena@gmail.com–.  

425 euroko dohaintza

Kilometro bakoitzarengatik 425 euroko dohaintza egin behar da. Hori horrela, gehienetan, udalak, ikastetxeak, kultur eragileak, kuadrillak… dira kilometroak eskuratzen dituztenak.
Edozein modutan, kilometroak eskuratzeaz gainera, Korrikari laguntzeko beste hainbat modu ere badira: Korrika laguntzaile egitea –12 euro– edo Korrikako arropa  edo materiala erostea. Horretarako ere hainbat bide daude: Arrasateko Erdu AEKn eskaintza zabala dute, baita Korrika.eus helbidean ere; eta horrez gainera, Korrika pasatu bitartean, herriz herri salmenta postuak jartzen dihardute.

Korrikaren dokumentala

Bestalde, Euskararen lau aurpegiak dokumentala egin dute Korrikaren 20. edizioaren bueltan. Bada, Goiena telebistan berau emitituko da datorren martxoaren 31n, 21:30ean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak